Koronabirusa

Erne informazio faltsuekin!

fakeCOVID-19ak sorturiko krisiaren zurrunbiloan, sare sozialak funtsezkoak bilakatu dira, dela etxean sartuta diren herritarren arteko harremanei eusteko, dela informazioa jaso eta zabaltzeko. Alabaina, eta beste hainbat gairekin gertatu ohi den moduan, fake news edo albiste faltsuak eta gezurrak zabaltzeko tresna era badira, askotan jendearen borondate onaren kontura. Halakoei aurre egiteko, koronabirusari buruzko albiste faltsuak ezeztatzeko zerbitzua jarri du abian EiTBk. Edozein herritarrek argazki, bideo edo albiste susmagarriren bat badu, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera edota 600 900 454 WhatsApp zenbakira bidal dezake. Lantalde batek aztertu eta gezurra ala egia den jakinarazten du, eitb.eus/koronabuloak gunean. Bestela ere, sareko kontuetan aski zaildua den Joxe Rojas AIZU!ko kolaboratzailearen aholku batzuk ere ekarriko ditugu hona, halako mezu susmagarriak jasotakoan aintzat har ditzagun. Rojasen arabera, zenbait galdera egin behar dizkiogu geure buruari mota horretako informazioak jasotzen ditugunean: informazioaren iturria argi ageri da? Irudiek, izanez gero, badute sinadurarik? Lekua eta data ikus daitezke? Horrez gain, titularra ez ezik, albistea osorik irakurtzea ere aholkatzen du, askotan ez baita egiten. Nork bidali duen aintzat hartzea eta sen ona deritzogun hori baliatzea ere gomendagarria da. Azkenik, fake news edo gezur horien inertziak etetea ere garrantzitsua da. Hau da, jasotakoa egia ote den ez badakigu, hobe da ez zabaltzea, eta, gainera, bidali duenari ere jakinaraztea.