Txile

allendeSalvador Allende ez zutela hil berretsi dute

Txileko auzitegiek ebatzi dutenez, Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuen. Allenderen heriotza eztabaida iturri izan da beti, 1973ko irailaren 11n armada kolpistak gobernuaren egoitza, La Moneda jauregia, erasotzen zuen bitartean hil zenetik. Heriotzaren inguruan bi bertsio izan dira urte luzez: askoren ustez, Pinocheten manupeko soldaduek hil zuten Txileko presidentea aipatu erasoan. Iritzi zabalduenaren arabera, ordea, bere buruaz beste egin zuen. Bada, bigarren bertsio hori berretsi du Txileko Gorte Gorenak, eta, horrela, amaiera eman dio 2011n hasitako ikerketari. Urte hartan hasi zen Mario Carroza epailea Allenderen heriotza ikertzen, eta presidenteak bere buruaz beste egin zuela ondorioztatu zuen. Ondoren, 2012an, Carrozaren ebazpena bere horretan mantendu zuen beste auzitegi batek, eta, orain, hirugarrenez mintzatu dira Txileko epaileak, kasua behin betiko itxita. Epaile horien arabera, ez dago lekukorik Allende hil egin zutela ziurta dezakeenik. Gainera, suizidatzeko erabili zuen fusilarenaz gain, bestelako armaren arrastorik ez omen zuten topatu Allenderen gorpuzkian. Hala, amaiera eman diote aspaldiko eztabaidari, eremu judizialean, bederen.