Euskaltegiak itxita egon arren, euskaraz jo eta su

telelanaUdaberri berezi honetan, AEKren egoitzak itxita daude Euskal Herri osoan. Hori dela eta,  ikasleen jarduera didaktikoari urrunetik eusten ari zaio AEK, teknologiak ematen dituen aukerak baliatuz. Gainerako jardueretan ere (mintzapraktika, normalizazio egitasmoak, itzulpen eta zuzenketak, AIZU! aldizkaria, 22. Korrikaren prestaketa...) hainbat baliabide jarri dira martxan, lanak ez eteteko. Edozertarako, beharra duen oro jar daiteke harremanetan AEKrekin, www.aek.eus gunearen hasierako orrialdean dagoen formularioaren bidez edota telefono zenbaki orokorrera deituz: 673 200 100.
Esan bezala, eskolak emateko zein jasotzeko, telelanari heldu diote irakasleek eta ikasleek, hainbat baliabide erabilita: telefonoa, posta elektronikoa, sare sozialak, bideo deiak, Moodle edota Classroom plataformak... Horiek guztiek aukera ematen diete etxerako lanak eta, besteren artean, autoikaskuntzako materialak trukatzeko, baita zalantzak argitu eta ahozko ariketak egiteko ere.
Mintzapraktika saioak ere online ari dira egiten, gehienetan WhatsApp bidez. Hala, leku askotan lehiaketak eta tailer bereziak antolatu dituzte; adibidez, Uribe Butroen, origami tailerra guraso taldeekin. Izan ere, Berbalagun programa, praktikatze hutsetik harago, lagun artean egoteko modu bat ere bada, oso baliagarria bizi dugun egoeran. Sare sozialetan ibiltzeko, bestalde, birusak#ezgaitumututuko traola ere sortu dute.
Normalizazio egitasmoak bideratzen dituen Ahize zerbitzuan, berriz, telefono eta posta elektroniko bidezko harremanez gain, beharrezkoa denean bilera birtualak egiten ari dira kanpoko bezeroekin nahiz hornitzaileekin, horretarako prestatutako gunearen bidez. Eta Euskaratu itzulpen eta zuzenketa zerbitzuak ohiko moduan segitzen du lanean, telefonoz eta e-postaz, alegia, telelanetik asko du eta, berez, haren jardunak.
Dena den, bada ezinbestean atzeratu behar izan den ekimenik ere: apirilaren 4an egitekoa zen Esaera Zaharren Sopelako Txapelketa irailean egingo da. Izango duzue aurrerago horren berri, baina denbora tarte hau atsotitz gehiago ikasteko aprobetxa dezakezue. Eutsi goiari!