Hormak herriarekin mintzatzen dira

lianLian
Muralgilea

Horma-irudiak egiten ditu Lian Murales Lian-ek (Boston, AEB, 1981); hain zuzen, Leitzako Atekabeltz gaztetxeko pareta batean egin duen bat munduko ehun mural onenen zerrendan paratu zuen, iaz, Eskoziako StreetArt360 atari digitalak. Sortzez estatubatuarra, gaztetan Katalunian bizi izan zenez, katalantzat du bere burua. Munduko herrialde ugaritan ikus daitezke bere lanak, baita Euskal Herrian ere. 2017tik, Atxondon bizi da. Ingelesa, katalana, gaztelania eta italiera hitz egiten ditu, baita euskara ere, AEKn, “Mirenekin, inoiz izan dudan irakasle onenetakoarekin” ikasten ibili ostean.

Zure horma-irudi bat munduko 100 onenen artean. Pozik?
Bai! Izugarri pozik! Ohorea da. Artista on askoak daude zerrenda horretan, eta pribilegiatua sentitzen naiz.
Horma handia, lan handia?
Nire ustez, zenbat eta handiagoa, orduan eta hobea. Asko gustatzen zait hormetara igotzea. Horrez gain, itzela da irudia amaituta dagoenean ikusi eta pentsatzea: “Hau egin dut!” Askotan, ez dut sinesten.
Nola egiten zaio aurre horma hutsari?
Konfiantzarekin eta beldur barik. Nire ustez, bai hormetan bai bizitzan beldurra tu egiten ariko bazina bezala bota behar da.
Kaleaz gain, bestelako euskarriren batean marrazten al duzu?
Koadroak oso gutxitan egiten ditut, nahiago dut kalean egon.
Zergatik erabaki zenuen honetan aritzea?
Hormak herriarekin mintzatzen direlako, eta elkarrizketa sortu nahi dut ikusleekin.
Bizi daiteke honetaz?
Noski, baina gauza gutxirekin bizi naiz. Nire ustez, hobe da gutxirekin bizi eta pozik egotea, gustuko ez duzun zerbait egin eta asko edukitzea baino.
Hormak margotzeak utzi al dio gaizki ikusitako zerbait izateari?
Bai eta ez. Hasieran, espraiekin hormak margotzea gaizki ikusia zegoen, baina hormak margotzea Neolitikoa bezain zaharra da. Haitzuloetako pinturak, adibidez. Kapera Sixtinoa laudatu egiten da, eta hura ere murala da; alde bakarra materiala da.
Zure irudietan, pertsonak eta gorputz atalak agertu ohi dira. Gizakia inspirazio iturri?
Espazio publikoa ustez “perfektuak” diren gorputzez beteta dago. Ahalegina egiten dut nire lanek gorputz mota oro barnera dezaten, oso garrantzitsua iruditzen zait.
Euskal Herrira etortzean, argi zenuen hemengo hizkuntza ikasi behar zenuela?
Noski! Euskal Herrian bizi naiz. Inportantea da bizi zaren tokiko hizkuntza hitz egitea... Adibidez, Txinan biziko banintz, txinera ikasiko nuke.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du?
Noski. Eta irudi batek mila pertsona baino gehiago mobiliza ditzake.
Teknologiaren garaian, horma-irudiek garrantzia galdu al dute?
Ez, orain muralak gehiago ikus daitezke, denak sofatik, kar-kar! Horma-irudi asko daude munduan, eta denak aurrez aurre ikustea ezinezkoa da. Teknologia berriekin, ordea, posible da.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak.
Eta tristatu? Berdintasun ezak.
Zerk eragiten dizu barrea? Umore britainiarrak.
Eta negarra? Hondartzan hildako ume errefuxiatuek.
Zerk haserrearazten zaitu? Ezintasunak.
Bizio bat: txakolina, kur-kur!
Zer izan nahi zenuen txikitan? Pozik bizi den norbait.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Aspergarria.
Artista bat: Ramon Casas.
Bereziki gogoan duzun lan bat: Caravaggioren Bacchus ikusi nuen lehen aldia beti izango dut gogoan.
Bereziki gogoan duzun zure lan bat: nire lan onena, nire ustez, Leitzako gaztetxekoa da.
Non marraztuko zenuke gustura horma-irudi bat? Erroman.
Eñaut Mitxelena