“Neure burua euskaldun artean ikusten dut dagoeneko”

zelanLaura Re Lozano
(Murtzia, Espainia, 1995)
Re Lozanok bigarren ikasturtea du Pasaiako Txirrita AEKn. Hasiera-hasieratik hasi zen, eta B2ko taldean ari da gaur egun. Joan den urtean, lekukoa eraman zuen Korrikan.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Orain dela ia bi urte etorri nintzen Pasai Antxora bizitzera, mutil lagunarekin (hura euskalduna da), eta orduan erabaki nuen ikastea.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Euskal Herrian nago, eta Euskal Herriko hizkuntza euskara da; niretzat, bizileku berriko ohiturak, hizkuntza eta kultura garrantzitsuak ziren. Uste nuen zailagoa izango zela, baina aitortu behar dut mutilaren bitartez euskarazko musika entzuten nuela hona etorri baino lehen, eta horrek asko laguntzen du: Berri Txarrak, Mikel Laboa…
Nolako prozesua izan duzu?
Mundu guztiak dio azkarra izan dela, baina nire ikuspegitik nahiko normala izan da. Nire ustez poliki-poliki eta ingurukoen iritziz azkar-azkar hasi nintzen ulertzen eta hitz egiten. Nire aitona-amonei gertatutakoa dut buruan: Frantziara joan ziren lanera, eta bi egunean frantsesez zenbatzen ikasi zuten. Batzuetan, lanetik atera eta euskaltegira etortzea gogorra izaten da, baina tira. Pentsatzen nuen askoz gogorragoa izango zela!
Zer izan da zailena zuretzat?
Maila altuagoan nago orain, eta ez dut nahi beste denbora etxean ikasteko. Hala ere, Internet bidez, elkarrizketak, saioak eta beste ikusten ditut. Beharbada, ohikoa da nor-nori-nork zaila izan dela esatea, baina nire kasuan ez da bereziki zaila izan.
Eta errazena?
Euskal Herria bera, Euskal Herriko kultura eta giroa bizi izatea izan da samurrena. Hizkuntza bat kultura bat da. Esate baterako, sagardotegi batean gauza pila ulertzen duzu. Horrez gain, niretzat iaz Korrikan parte hartzea itzela izan zen. Ez nekien ezta zer zen ere! Xalotasun osoz bizi izan nuen. Lekukoa hartu behar nuen tokian marra lurrean ikustean hasi nintzen urduri jartzen; azkar-azkar hasi nintzen korrika egiten, furgonetari pega-pega eginda, eta konturatzerako pankarta oso atzean utzia nuen!
Une barregarriak ere emango zizkizun ikasprozesuak...
Hitzak eta aditzak asmatu egin ditut, eta nahaste-borrasteak izan: gazta, gatza, gazte. Bestalde, Iparraldera joan nintzenean, “untsa” entzuten nuen, eta ez nuen ulertzen; akaso ‘hutsa’ esan nahi zuela pentsatzen nuen…
Erabiltzen duzu?
Egunero, esnatzen naizenetik; euskara nire hizkuntza bihurtu da. Pena dut gurasoak urrun daudelako eta ez direlako jabetzen noraino iritsi naizen, eta zein garrantzia duen euskarak.
Gustuko hitza edo esamoldea?
Harridura azaltzeko, ‘Hara!’. Baserri giroan entzun izan dut, eta hitz samurra iruditzen zait. Haize eta ortzi ere asko gustatzen zaizkit.
Trikimailuren bat?
Gogoa oso garrantzitsua da, eta euskarari gaztelaniarik ez balego bezala heltzea ere bai.  Pazientzia ere behar da. Hanka sartzeko beldurra alde batera utzi behar da, eta kontuan hartu behar da euskaldunok hor gaudela laguntzeko. Pentsa, nik neuk neure burua euskaldunen multzoan ikusten dut dagoeneko!
Raul Perez Martinez