Zer egin N-121-A errepideko istripuak gutxitzeko?

ikamika

Azken hamar urteotan, 33 pertsona hil dira N-121-A errepidean, istripuetan; horietatik lau, azken bi hilabeteetan. Ezbehar ugari izaten dira Iruñea eta Behobia lotzen dituen errepidean, eta hark zeharkatzen dituen eskualdeetako herritarrak kexu eta haserre dira aspalditik, egoera hobetzeko neurri eske. Azkenaldian protestak eta mobilizazioak egiten ari dira herritarrak. Besteak beste, N-121-Atik igarotzen den kamioi trafikoa murrizteko eskatzen dute. Nafarroako Gobernuak, hasieran, bestelako neurriak iragarri zituen. Nagusia, 2+1 eredua: norabide batean errei bakarra izatea eta bestean bi, baina txandakatuta. Haatik, udal eta herritarren ustez, neurri horrek ez du ezer konponduko. Hain justu, galdetegi hau egin ostean jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak kamioietarako bidesariak jartzeko asmoa. Zuek zer egingo zenukete N-121-A errepideko segurtasuna hobetzeko? Baztango AEK Suinki euskaltegiko A1/A2 taldea

1. Estela
Nik uste dut autobia egitea hoberena dela. Konponbiderik garestiena da, baina epe ertain eta luzera onena da; bestenaz, bi aldiz gastatuko dugu, eta bitartean jendea hiltzen ari da. Garrantzi gutxiagoko bertze errepide batzuetan gastatu da, zergatik hemen ez? Hau da bigarren irteera garrantzitsuena Europako mugarako.
2. Octavio
Duela hamar urte, 3.000 kamioi egunean igarotzen ziren. Orain, 9.000 igarotzen dira. Joera da kamioi eta auto gehiago ibiltzea, beraz, istripu gehiago izango dira. Konponbidea autobia eraikitzea da.
3. Tasio
Lehendabizi, jendea kon-tzientziatu behar dugu errepideko arriskuez. Bigarrenik, kamioiak egun batean bai, eta bertzean ez ibiltzea errepidean. Hirugarrenik, autobia egitea. 30 urte daramagu errepiderako konponbidea eskatzen.
4. Fernando
Kamioiek bakarrik ez dute errua istripuetan, autoen abiadurak ere eragina du. Nire ustez, hauek dira konponbideak:
- Autobia egitea.
- Bi gehi bi egin.
- Nazioarteko trafikoa debekatu.
5. Kontxi
Ez dut uste arazoa kamioi kopuruan dagoenik. Jendeak ez ditu errespetatzen abiadura eta trafiko seinaleak. Nire ustez, konponbidea autobia egitea da, eta egin bitartean, radar eta kontrol gehiago jartzea. Asfaltoa konpondu eta argi gehiago jarri.
6. Maribel
Nire ustez, 2 neurri hartu behar dira: lehena, epe motzean, Espainiatik ateratzen eta sartzen dena gutxitu; bigarrena, 2 gehi bi edo autobia egin.
7. Klara
Kamioi asko dago, eta autoak ere bai. Nire ustez, mugara joaten diren kamioiek autobidea hartu behar dute. Agian, garraio publiko gehiagok lagunduko luke autoak gutxitzen. Bestetik, jendea sentsibilizatu behar da ez ibiltzeko abiadura handian.
8. Alejo
Konponbide hoberena autobia da, baina nik uste dut sobera garestia dela, eta ez dakit beharrezkoa den. Bitartean, uste dut hoberena dela nazioarteko trafiko astuna debekatzea, bidegurutzeak eta mantentze lanak hobetzea. Eta ikusiko dugu bi gehi bat txanda nahikoa den.