Hizkuntza lankidetza, munduko hizkuntza gutxituen arteko auzolana

mertxe

Hamabost urte beteko ditu aurten Garabide elkarteak, 2005ean sortu baitzen hizkuntza erdigunean jarriko zuen elkarlanean jarduteko: “Lankidetza esparru ekonomikora mugatu ohi dugu, baina komunitate baten garapen osoa ez da posible hizkuntza, identitatea eta kultura kontuan hartu gabe” dio elkarteko kide Maialen Sobrinok.

Egun, ia lau mila hizkuntza daude munduan hizkuntza hegemoniko batek ordezkatzeko berehalako arriskuan. Horregatik, Garabidek uste du “funtsezkoa” dela munduko hizkuntza gutxituen arteko auzolana; hala, euskararen esperientziatik abiatuta, arduratzat du “munduko beste komunitate batzuekin gure esperientzia partekatzea, eta besteen esperientziak sakonki ezagutu eta horietatik ikastea”.  Esperientzia truke hori da “hizkuntza lankidetza”.
Garabidek prestakuntza eta aholkularitza proiektuak garatzen ditu, Euskal Herrian zein nazioartean, hizkuntzen biziberritze estrategiei buruzko ezagutza teorikoak praktikara bideratzeko. Horretarako, besteak beste, euskalgintzako tokian tokiko eragileekin aritzen da elkarlanean: “Beti agertu izan dira gogotsu elkarlanerako, eskertzekoa da. Bisitak antolatzen ditugu haien lana ezagutzeko, eragile horiek gure prestakuntza saioetan irakasle aritzera gonbidatzen ditugu, hizkuntza komunitate desberdinei buruzko dokumentalak egin eta emanaldi birak antolatzen ditugu, hitzaldiak, erakusketak, mahai-inguruak...”. Sobrinoren aburuz, hizkuntza lankidetzak berebiziko ekarpena egin ahal dio euskarari: “Batetik, munduko hizkuntza gehienekin lotzen duelako, Tafallako edo Bilboko euskaldun batek bizi duena oso hurbil baitago Otavaloko kitxua batek bizi duenetik. Gure gazteek, klimari edo feminismoari dagokionez, adibidez, lortu dute tokiko erronkak nazioartekotzea, baina hizkuntzak jorratzeke du bide hori. Bestetik, euskaldunoi badagokigu euskararen biziberritze esperientziak bildu, sistematizatu eta gizarteratzea, transmisioa bermatzeko. Altxor hori ezin da galdu”.
Etxean eta nazioartean
Garabide asistentzialismotik urruntzen saiatzen da: “Lagunduak-laguntzaileak dinamika aldatu eta guztiok hartzaile-emaile bilakatu behar dugu, harreman duin eta aberasgarria sortzeko”. Hala, hizkuntza gutxituen aldagaia zeharkakoa izatea aldarrikatzen du, “lankidetza proiektuek tokian tokiko hizkuntza eskubideak errespetatuko dituztela bermatzeko”.
Elkarteak aitortzen du ezin diela erantzun munduko hizkuntza gutxituetatik jasotzen dituen eskari guztiei, eta hainbat irizpide lehenesten ditu: “Batetik, saiatzen gara komunitateak, tamainaren edo testuinguruaren aldetik, euskararen parekoak izan daitezen, gure esperientziak egin dezakeen ekarpena esanguratsua izan dadin. Bestetik, oso testuinguru eleanitzetan aritzen garenez, komunitate horiek inguruko beste hizkuntzekiko egin dezaketen trakzio lana balioesten dugu, baten biziberritze esperientziak besteak hauspotzeko”. Ezinak ezin, nabaria da arlo honetan Garabideren jardunaren bilakaera: “2008an, bizpahiru asteko programak antolatzen hasi ginen, munduko hizkuntza gutxituen aldeko aktibistak Euskal Herrian prestatu eta bueltan beren komunitateetan eragin biderkatzailea izan zezaten”. Azken urratsa izan da Euskal Herritik kanpo 120 ordu inguruko ikastaro trinkoak antolatzea, hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruz: “Caucan (Kolonbia) hasi, nasa komunitatearekin, eta ondotik Yucatango (Mexiko) maia komunitatea eta Ekuadorreko kitxua etorri ziren”.
Kitxuaren egoera Ekuadorren
Kitxuaren hiztun kopurua 8 eta 10 milioi artean dago, Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, Txile eta Argentinakoak batuta; horietarik, 500.000 inguru bizi dira Ekuadorren. Bertako Konstituzioak dio hizkuntza ofiziala gaztelania dela, eta kitxua eta shuar hizkuntza ofizialak direla, baina kultura arteko harremanetarako. Gainerako jatorrizko hizkuntzak, beste hamabi, ofizialak dira, baina herri indigenak bizi diren eskualdeetan soilik. Horrez gain, Konstituzioaren beste atal baten arabera, eskola curriculumetan jatorrizko hizkuntza baten irakaspena txertatu beharko da pixkanaka, baina horrek, Sobrinoren arabera, “eskubide deklaraziotik gehiago du hizkuntza sustatzeko politika publikotik baino”, erakundeek ez baitute baliabiderik bideratzen. Hori dela eta, “funtsezkoa” da kitxuaren aldeko hizkuntza politika. Hala, Ekuadorreko iparraldeko hiru hiritan (Otavalo, Cotacachi eta Cayambe), hitzarmenak sinatu dira udalekin hizkuntza plangintza programak martxan jartzeko.
Kitxuena herri antolatua da, badira gizarte zibiletik sortutako egiturak, baina hizkuntzak ez du zentralitaterik, hizkuntza estandarra gizarteratzeko prozesuan egon arren, “gurean hain ezagunak ditugun erresistentziak gainditzen ari dira”. Familia transmisioa % 30ekoa da gaur egun, beraz, etxeko transmisioa eteteko zorian dago. Hezkuntzaren arloan, berriz, Kultura Arteko Hezkuntza Elebiduna da kitxuarekin nolabaiteko lotura izateko aukera bakarra, baina hamarkadetako ibilbidean ez du elebidun osorik sortu. Indigenei baino ez zaie bideratzen, astean 3-4 orduz dituzte kitxua eskolak, ez dago ez materialik ez irakasleentzako prestakuntzarik, eta, askotan, irakasleak berak ere ez daki kitxuaz. Egoera horretan, kitxuaren aldeko aktibistek bi lerro lehenesten dituzte hezkuntzan: kitxuazko murgiltze eredua sortzea eta Kultura Arteko Hezkuntza Elebiduna sendotzeko irakasleak prestatu eta materialak ekoiztea.
Hizkuntza biziberritzeko ekimenak abian dituzte hainbat arlotan (hedabideak, helduen alfabetatzea, aktibismo digitala...), baina dispertsioa handia da, eta egitasmoak ez daude egituratuta. Horregatik, Garabideren prestakuntzetan parte hartutako ekintzaile kitxuek Sisariy elkartea sortu zuten, 2017an. Sisariyk hizkuntza identitatearen bihotza dela aldarrikatzen du, eta berak koordinatzen ditu, Ekuadorreko Imbabura probintzian, kitxuaren aldeko ekintzak eta bestelako erakundeetan hizkuntzaren alde diharduten norbanakoak. Adibidez, Tinkunakuy helduen alfabetatzerako erakundea, Kichwashun aktibismo digitalerako taldea, Imbaburako Kitxua Gazteen Elkartea, Iluman irratia eta Wiñay Kawsay aldizkaria.

Kitxuaren Biziberritze Estrategietarako Lehen Nazioarteko Ikastaroa

Urtarrileko azken asteburuan hasi eta martxoaren 15era bitartean, 8 asteburuan, garatu zen ikastaroa Ibarra (Ekuadorko iparraldean) hiriko Universidad Técnica del Norte delakoan. Irakasle lanetan, 12 kitxua eta 6 euskaldun. Horietako bat AEK-ko kide Mertxe Mugika izan zen. Garabidek eta Sisaryk bideraturiko ikastaroan, helduen alfabetatze eta irakaskuntza moduluan ibili zen, “edozein hizkuntza biziberritzeko, ezinbestean jorratu beharreko arloan”.

Zer aurkitu zenuen han?
Berrogei kidek osatutako talde motibatu eta prestua, aste barruan lan egin ondoren asteburu osoa kitxuaren aldeko estrategiak lantzeko prest. Batzuek zazpi orduko autobus bidaia egin behar izaten zuten Ibarrara heltzeko, eta beste horrenbeste etxera itzultzeko; eta bi eguneko ostatua, haien lepo. Lehen egunean ikusi nituen ilusioak eta jakin-minak hunkitu egin ninduten, eta hau bururatu zitzaidan: “Hemen dauden indarrarekin eta ilusioarekin, kitxuak aurrera egingo du!”.
Nola hartu zintuzteten kitxuek?
Ezin hobeto! Oso eskertuta nago ikastaroko partaideok izandako harreragatik zein ostatua eskaini ziguten familiek emandako tratuagatik. Etxekoak bagina bezala hartu gintuzten, eta dena partekatu zuten gurekin. Beste irakasle euskaldun bat eta biok Otavaloko familia kitxua baten ostatuan egon ginen. Jabeen alabak ikastaroan parte hartu zuenez, hain zuzen ere nire moduluan, aukera gehiago izan genuen egoera hobeto ezagutzeko.
Zertan aldera daiteke kitxua euskararekin?
Gu duela 60 urte bezala daude, hori transmititzen ahalegindu ginen. Jon Sarasuaren esaldi hau sarri erabili genuen: “60ko hamarkadaren hasieran Euskal Herrian zabaldu zen ideia hau izan zen: edo gu gara euskaraz hitz egingo duen azken belaunaldia, edo gu izango gara euskara arlo guztietara zabalduko duen belaunaldia”. Bada, uste dut egoera horretan daudela: orain hainbat erabaki hartu ezean, haien hizkuntzarenak egin du.
Nolakoa izan da esperientzia, oro har?
Oso aberasgarria. Niretzat oparia izan da esperientzia horretan parte hartzeko aukera edukitzea. Asko ikasi dut, ez bakarrik hizkuntzaren gainean. Beste arlo batzuk ezagutzeko parada ere izan dut: indigenen mugimenduaren nondik norakoak, elikadura eta burujabetza aurrera eramateko proiektu kooperatiboak eta, horien barruan, emakumeen ahaldun-tzea... Horrez gain, helduak alfabetatzeko eta ez dakitenek kitxua ikasteko proiektua bideratuta uztea oso pozgarria izan da.
Ikastaroan parte hartzeaz gain, zer gehiago egin zenuen?
Denetik. Hainbat mahai-ingurutan parte hartu genuen, eta elkarrizketak izan genituen hango irratietan nahiz telebistan. Turismo apur bat ere egin genuen inguruak ezagutzeko: Peguche ur jauzia, galdara bolkaniko baten barruan dagoen Cuicocha laku zoragarria... Deforestazioari aurre egiteko programa bat ere ezagutu genuen, paraje zoragarri batean ibilaldia eginez.