Landa eremuko zaporea hiriaren bihotzean

txantrea

Landa eremua Iruñaren bihotzeraino eraman du Roberto Urrutia Atienzak. Hiriko azken artzainaren semeak aitaren ogibidea berreskuratu eta gasnategia zabaldu du Txantrean, jaiotzen ikusi zuen auzoan. Astiro-astiro, aurrera doa haurtzaroko ametsaren atzetik, landa eremuaren eta kalearen arteko harremana indartzeko xedez. Arkaitz Almortza.

Garai batean elkarrekin bizi ziren hirien eta herrien arteko harremana gogor kolpatu du globalizazioaren zurrunbiloak, eta, gaur egun, kalea eta landa eremua elkarri bizkarra emanda bizi direla esan daiteke, azkenekoaren kalterako. Horregatik, Roberto Urrutia iruindarraren apustuak harridura eragiten dio pertsona askori, ohikotzat jo beharrean. “Jende askok pentsatuko du erotu egin naizela; benetan maite dudana egiten ari naiz, ordea, nire ametsa bizitzen” dio irribarretsu. 
Haurtzaroko ametsa betetzearren murgildu zen Urrutia artzaintzaren munduan, duela bost urte, anaia Xabi eta neska lagun Mari Agosekin batera. Erronka ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izaten ari. “Hasierako urteak oso gogorrak izan ziren; sarritan galdetu izan diot neure buruari: Non sartu zara, baina? Halere, ezina ekinez eginez noa aurrera” dio pozik, arkumeei esnea ematen dien bitartean. “Batzuetan, kostatu egiten zaie titia hartzea, beraz, biberoia eman behar zaie”. 
Ogibidea zainetan darama. Roberto Urrutiaren aita Iruñeko Ezkaba mendiko azken artzaina izan zen, eta haren omenez jarri diote Ezkabako artzaia izena beren gasnari: “Mendiaren hego-magalean zituen ardiak; udan, berriz, Madalena auzoraino jaisten zituen, eta ni aitarekin batera eramaten ninduten, aulkitxoan; ibiltzen ardien artean ikasi nuen”. Hunkitu egiten da garai haiek gogora ekartzen dituenean. “Aitak erretiroa hartu zuenean, 17 urte nituen; gerora, faltan sumatzen nituen bizipen horiek. Horregatik,  argi nuen lehenago edo geroago neure artaldea izango nuela. Hala, 2013an, hezitzaile lana utzi, eta artzain hasi nintzen”. Ardi latxa aukeratu zuen abentura honetan murgiltzeko: “Euskal Herriko arraza da, geurea. Alabaina, egia erran, beldurra izan nuen, eremu hau ez delako ardi latxarena. Dena den, oso ongi egokitu dira”. Neguan, Artaitzen egoten dira; udan, ostera, Zaldaizko jaurerrian
Landa eremuan ekoizten dute esnea, eta gasna Iruñean egiten dute. “Logikak bultzatu gintuen hirira: Ezkabako azken artzainak ginen, beraz, polita iruditu zitzaigun gasnategia gure auzoan bertan zabaltzea; eta aukera ederra, halaber, landa eremua hirira gerturatzeko”. Horiek horrela, Urrutiarrek Txantrean zuten lokal bat gasnategi bilakatu zuten. “Gaur egun, oso egoera larrian dago landa eremuaren eta hiriaren arteko harremana. Urte askoan, lehenengo sektoreko lana gutxietsi egin da; inork ez du hemen lan egin nahi. Jendea bizitza naturaletik deskonektaturik bizi da, mende luzez gure kulturaren parte izan den bizimodutik, gure izaeraren bereizgarri izan denetik, gure paisaiak marraztu dituenetik... pena da" dio, hunkituta, ardiei jaten eman bitartean. 
Auzotarrek “harriduraz” hartzen dute proiektua, baina ezagutu ahala ekimenarekin bat egiten dute. Mari Agos artzainak azaldu legez, beren produktuak harrera ona izan du parte hartu duten azokatan: “Gazta mamitsua da; adituen arabera, Artaitzen daudenean ardiek jaten dituzten sastrakek eta landare aromatikoek berezi egiten dute”, dio. “Guk, gainera, ez dugu plastikorik erabiltzen gasna biltzeko, eta horrek ere harrera ona izan du gure bezeroen artean” dio pozik. Bat-batean, elkarrizketa eten du. Begirada artaldearen erdira zuzendu, Urrutiari deitu, eta aitaren batean desagertu dira animalien artean. Ardi bati kumea mundura ekartzen lagundu diote: “Benetan ederra da une hau; sekula ez nuen neure burua artzain ikusi, baina animaliekin lan egitea oso polita da” esan du Agosek, amak kumea mihiarekin nola garbitzen duen ikusten ari garela.
Artzaintzaren geroa
Ilusio betez ari da Urrutia bere ametsa eraikitzen. Atzoko izerdia izan zena gaurko ogia izaten ari da. Nolanahi ere, kezkati agertzen da artzaintzaren geroari dagokionez. “Galtzeko zorian dago ogibidea. Batetik,  animaliekin lan egiten dugunok kriminalizatu egiten gaituen diskurtsoa, esplotatzailetzat jotzen gaituena, gero eta indartsuago dago, inondik inora horrela izan ez arren; nik maite ditut animaliak, horregatik hasi nintzen artzain. Bestetik, azkenaldian bizitza basatia berreskuratzeko politikak abeltzainekin hitz egin gabe abiatu dira. Frantziak hartza sartu du Pirinioetan, eta hainbat buruhauste sortu ditu. Eraso baten ostean Gobernuek agindutako konpentsazio ekonomikoak jasotzeko, benetan frogatu behar duzu hartzak hil duela zure aberea, eta burokrazia oso katramilatsua da” azaldu du kezkaturik. “Jendearen ogibideaz hitz egiten ari gara!” nabarmendu du. Ildo beretik, zera erantsi du: “Bizitza basatia berreskuratzearen aldeko hautua egingo bada, behetik gora egin beharko litzateke, gure iritzia kontuan hartuta, animalia basatiak berriro nola sartu ongi aztertzeko”.
Artzaintzaren etorkizuna ilun samarra ikusten badu ere, ez du itxaropena galdu nahi, eta tinko borrokatzen jarraitzen du ogibidearen alde: “Artzaintza herri indigenekin lotutako bizimodua da, Europako azken indigenak izanen gara” dio harro. Iaz Madrilen antolaturiko Coop25 gailurraren harira antolatu ziren jarduera alternatiboetan, artzaintzaren aldeko aldarrikapena lau haizetara zabaldu zuen: “Abeltzaintza estentsiboa guztiz iraunkorra dela aldarrikatu genuen han bildu ginen artzainok, ingurumenarekin bat egiten duela, eta elikadura burujabetzaren bidean aurrera egiten duela”.
Urrutiak eta Agosek amaitu dute gaurko jarduna. Artaldeari jaten eman ostean, eta guztia txukun utzi ondoren, argiak itzaltzen dituzte, pixkanaka-pixkanaka, ukuiluko erreginek merezi duten atsedena har dezaten. “Lana, batzuetan, gogorra izaten da, baina animaliek ematen dizuten maitasuna nekez topatuko duzu beste leku batean” dio bikoteak. Gogotsu ari dira beren ametsa bizitzen.