Iruña-Veleian, lurrak hitz egiten jarraitzen du

veleia

Aurten amaituko da Iruña-Veleiako aztarnategiko Plan Zuzentzailea 2010-2020. Grafitoen inguruko zalapartaren eta auzibidearen itzalpean geratu dira lanak, baina aztarnategiaren handitasunaren beste erakusle bat utzi dute agerian: merkatua. Jon Rejado.

Iruña-Veleia erromatar garaiko Euskal Herriko aztarnategirik garrantzitsuena da. Hala izendatu dute adituek, eta, zalapartak zalaparta, hori ez da aldatu. Halaxe berretsi da azken hamarkadan, egindako indusketetan aurkitutako aztarnei esker: maccelum edo merkatua iter XXXIV galtzadaren arrastoaren ondoan, harresietatik kanpo. Aurkikuntza horiek Iruña-Veleiak izan zuen eta gaur egun duen garrantzia islatzen dute, euskarazko idatzien auzibidearen itzalpean geratu diren arren.
Ikertzaileen arabera, merkatua Kristo ondorengo 100. urtearen bueltakoa da. “Azokan, bi fase antzeman daitezke: I. mendekoa lehena, eta bigarren mende hasierakoa hurrengoa”. Bibat museoko Javier Fernandez Bordegarai zuzendariak azaldu du merkatuaren egitura beste aztarnategi batzuetan aurkitutakoen berdina dela, ohi baino handiagoa, hori bai: 1.100 metro koadro inguru ditu.
Zein leku induskatu airetik ateratako irudi batzuei esker erabaki zuten; izan ere, zerbait egon zitekeela antzeman zuten argazki horietan. Raquel Cebrian aztarnategiko gidariaren esanetan, baliteke merkatua zabalagoa izatea. Induskatutako lekuaren ondoan, galtzadaren beste aldean, beste merkatu bat egon daiteke. Gasteiztik hamar bat kilometrora, indusketetara joaten direnek aurkikuntza berriak ikus ditzakete, baita 50eko hamarkadatik gaurdaino azaleratutako aztarnak ere. Are gehiago, merkatuan aurkitutako objektuak Bibat museoan ere ikus daitezke.
Arrainak eta kapera    
Azokaren eraikina karratua da. Erdian, patio bat zuen, eta haren inguruan, dendak; horietako gehienetan zer saltzen zuten argitu gabe dagoela dio Bibat museoaren zuzendariak. Edonola ere, badituzte hiru eremuren erabileraren aztarnak. Lehena patioaren erdian dago, eta bertan arrainak saltzeko leku bat zegoela ondorioztatu dute. Urmael txiki baten antzeko zerbait aurkitu zuten: putzu bat. Arrainen ezkatak eta hezurrak agertu dira eremuan, baita maskor batzuk ere. Fernandez Bordegaraik azaldu du haien jatorria ikertzen ari direla: “Kostaldetik urrun zeuden azoketan ere itsasoko arrainak bizirik saltzen omen zituzten, upelen barruan garraiatu ondoren”.
Merkatuaren izkina batean, beste esparru berezi bat aurkitu dute: sacellum-a edo kapera. Fernandez Bordegarairen arabera, “oso arrunta” zen hor erritualak egitea. Brontzezko xafla bat aurkitu dute gela horretan. Raquel Cebrian gidariak aztarna horren argazkiak daramatza aldean, bisitariek ikus dezaten. “Ikertzaileen arabera, bertan agertzen direnak Merkurio eta Marte dira, merkataritzaren eta gerraren jainkoak, hurrenez hurren”.  
Azkenik, galtzadatik gertuen dagoen gela, hiruki formakoa, merkatuko langileen sarrera zela ondorioztatu dute ikertzaileek. “Hortxe egiaztatzen zuten salgaien pisua ondo zegoela, neurketak legezkoak zirela, alegia, iruzurrik ez zegoela. Gela honetan, neurketak egiaztatzeko osagai horietako batzuk agertu dira” diosku Fernandez Bordegaraik.   
Merkatua eta galtzada hertsiki lotuta daudela azaldu du Raquel Cebrianek. “Merkatua galtzadara egokitu zuten; horrenbeste jende pasatzen zen bertatik, ezen hiria izugarri handitu zen”. Une batean, 126 hektarea ere hartu zituen, eta oppidum-ak, eremu harresituak, hamar hektarea inguru ditu. Fernandez Bordegaraik gaineratu du iter XXXIV galtzadak Astorga (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Bordele (Frantzia) lotzen zituela, eta “autobide moduko bat” zela erromatarren garaian.
Etorkizuneko lanak, zehazteke
Azken hamar urteotako indusketek bi baldintzatzaile izan dituzte. Batetik, grafitoen auzibideak kokapena baldintzatu zuen, hein batean. Fernandez Bordegaraik azaldu du aurretik ere harresietatik kanpo induskatu nahi zutela: Iruña-Veleia “oppidum-a baino gehiago” zela erakutsi nahi zuten. Hala ere, aitortu du epaitegietako egoerak eragin “apur bat” izan zuela kokapen berrian aritzeko erabakia hartzerakoan.
2010ean hasitako lanak baldintzatu zituen bigarren gauza krisialdi ekonomikoa izan zen. Plan Zuzentzailea krisiaren hastapenetan egin zuten, eta asmoak “oso handiak” ziren, Bibat museoaren zuzendariaren hitzetan. Hori dela eta, testuinguru berrira egokitu behar izan zuten. Urtero, 160.000 euro inguruko aurrekontua izan du, eta, une zehatzetan, Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro eman zituen, harresian lanak egiteko. “Plana garatzeko muga nagusia ez zen izan auzibidea,egoera ekonomikoa baizik” dio Fernandez Bordegaraik.  
Aurten, ez bide dute lan gehiagorik hasiko, eta urte hauetan egindako indusketei azken ukituak emango dizkiete: egonkortu, bisita gidatuetarako azpiegitura findu, aurreko urteetako lanak mantendu… Dena den, joan den hamarraldiko Plan Zuzendaria amaituta, etorkizunari begiratzen hasteko unea heltzear da. “Hurrengo planarekin hasten direnean, ikusiko dugu non lan egin: oppidum barrura itzuli, kanpoan jarraitu…”. Hartzen duten erabakia hartzen dutela, Fernandez Bordegaraik eskatu du aurrekontua gaur egun Foru Aldundiak ematen duena baino handiagoa izan dadin.