“Medikuon armarik indartsuena hizkuntza da”

felix

Felix Zubia

Osasuna, komunikazioa eta dibulgazioa egunerokoak ditu Felix Zubia Olaskoaga (Zarautz, 1974) medikuak. Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean egiten du lan, EHUn irakaslea da, eta igandero Osasun Etxea irratsaioa egiten du Euskadi Irratian, osasun gaiak jorratzeko eta argitzeko. Hitza eta jakintza, hizkuntza eta ezagutza, lagun eta tresna ditu bertsotan ere jarduten duen medikuak. Elkarrizketa martxoaren 11n egin genuen, covid-19aren krisiaren hastapenean. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

COVID-19a. Zer ikasbide atera beharko genuke, ateratzen badugu, afera honetatik?
Aurrenekoa, gaixotasun infekziosoak hor daudela. Ondoren, gure gizarte antolaketa bera ere, bizimodua, arriskutsua izan daitekeela. Hau da, hainbesteko turismorik ez balitz, hain mundu globalizatua ez balitz, gaixotasunak ere ez lirateke hain erraz zabalduko, beharbada. Gero, osasun publikoa denon ardura dela; osasun arloko langileena ez ezik, pertsona guztiona ere: azken finean, nik hartzen ditudan erabakiek beste guztiei eragiten diete. Azkenik, modu osasungarriagoan bizitzen ikasteak badauzkala denontzako babes eragin batzuk.
Osasuna hizpide, dibulgazio lana egiten duzu bai irratian bai hitzaldietan. Zenbateraino da garrantzitsua halako lana, guztioi eragiten digun alor horretan?
Osasun langileon eta, batez ere, medikuon akats handienetako bat izan da geure buruari gehiegi begiratzen diogula, eta ez dugula ulertzen osasuna denon kontua dela. Jende guztiari zenbat eta hezkuntza gehiago eman, zenbat eta osasun kultura zabalagoa izan, denontzat hobe: bai geure burua bai ingurukoak zaintzeko, baita edozein arazo denean neurriz jokatzeko ere. Dibulgazio lana horregatik gustatzen zait. Nire ustez, gizarte informatua ona da alderdi guztietatik, eta profesionalon ardura da hori egitea. Hizkuntza ulergarrian egitea lortzen baldin badugu, hobe; eta, noski, euskaraz egitea lortzen badugu, are hobeto.
Zer-nolako garrantzia du komunikazioak medikuen eguneroko jardunean? Eta ZIUn?
Dudarik gabe, garrantzitsua da. Medikuon armarik indartsuena hizkuntza da, gure sendabide eta gauza guztietarako. Lehenik eta behin, paziente bati elkarrizketa egin behar diogu, ahoz. Gaur egun, informazio iturririk handiena pertsona horrek kontatzen diguna da. Gero, azterketa fisikoak eta teknologia guztiak dauzkagu, baina batez ere elkarrizketak inporta du. Ondoren, nik pertsona horri komunikazioa itzuli behar diot, esplikatuz zer duen, edo nik zer dakidan, behintzat; azaldu behar diot zein proba egingo dugun eta zein ez, eta zergatik; eta, azkenik, zein tratamendu egingo dugun. Tratamendu hori bete dadin lortzeko ahalegina ere egin behar dugu, eta, horretarako, komunikazio ekintza eraginkorra behar dugu. Hori lortu ezean, gaizki gabiltza.
Eta zer da komunikazio ona medikuarenean?
Denborarekin ere ikasten da, baina pertsonarekin hizketan ari zarenean, gutxi gorabehera badakizu zer nahi duen eta zer jakin nahi duen. Sendagileok egia esan beharra dugu beti, gezurrik sekula ez, bestela konfiantza galdua daukazu. Horrez gain, pixkanaka esan behar dira gauzak, ahal dela, bederen, informazioa brast bota gabe. Gero, elkar ezagutu ahala, pazienteak berak eskatzen dizu informazioa, berak esaten dizu zenbateraino jakin nahi duen. Elkarrizketan aurrera zoazen heinean, gehiago galdetzen duen ala ez ikusten duzu. Hortaz, informazioa pixkanaka askatzen duzu, eta, gehiago eskatzen badu, askatzen jarraitzen duzu; ez badu gehiago eskatzen, aldiz, emango diozu gehiago beste egun batean, eta hurrengoan pixka bat gehiago... Era berean, beti da garrantzitsua, errealista izanik eta egia ahoan, informazioa baikorra izatea, ahal bada. Ezin denean ezin da, baina zirrikituren bat baldin badago, utzi irekita. Zeren borrokatzeko gaitasuna ere beharrezkoa baitugu, eta hori ere lortu behar dugu. Guztiz galdua baldin badago, garbi esan behar da, baina aukera dagoen bitartean... eutsi.
Esan duzu hizkuntza dela zuen tresnarik garrantzitsuena. Hortaz, gaixoak beren ama hizkuntzan artatzea oso inportantea da.
Bai. Hor, tranpa handia dago: zer nahi duzu, mediku ona ala euskalduna? Hori ezinezkoa da. Gaur egun, euskaldun bat ongi tratatzeko, mediku euskalduna behar da. Baina berdin gertatzen da mundu osoan, ez da euskaldunok bereziak garelako. Inori ez zaio bururatuko bere hizkuntza menderatzen ez duen sendagile batengana joatea, oso ona izan arren. Zergatik? Komunikazioa eten egiten delako, eta gaizki garatzen delako. Horri buruzko ebidentziak gero eta gehiago dira, euskaraz eta munduko hizkuntza guztietan. Medikuaren eta pazientearen arteko hizkuntza komunikazioa ez bada bera, komunikazio hori ez da egokia, arretari kalte egiten dio. Eskubide kontuaz gain, kalitate kontua ere bada, bai eta ziurtasun kontua ere: ikusi da akatsak egiteko arriskua askoz handiagoa dela, eta gaizki tratatzeko aukera ere bai. Adibidez, MIR azterketa egin nahi baduzu, eta atzerritarra baldin bazara, nolabaiteko gaztelania maila duzula frogatu behar duzu, bestela ezin zara aurkeztu. Logikoa da. Gauza da zergatik ez den hala izaten alderantzizkoetan edo beste hizkuntza batzuetan, naturalki gainera. Halere, uste dut hau ere poliki-poliki aldatzen ari dela.
Bai?
Bai. Baina prestigio borroka dago kontu honetan, eta politikaren mundua ere hor dabil: irakaskuntzaren gerra galdu egin zuten, eta orain euskara inork ez du dudan jartzen. Horrexegatik prestigioaren borroka: nik euskara bigarren mailako hizkuntza gisa jarri nahi badut, baserritar ezjakinen hizkuntza balitz bezala, baztertu, non dago prestigioaren borroka? Osasungintzan. Horregatik, adibidea ez da kasualitatea.
Halako esaldia entzuten duzunean, “Mediku euskalduna ala...”, zer pasatzen zaizu burutik?
Ikaragarri haserretzen naiz, alde askotatik. Batez ere, iradokitzen duelako mediku euskaldunok txarrak garela, baina badakigu ez garela halakoak. Bigarrenik, oximorona delako, berez. Hau da, mediku onak pazientearen hizkuntza menderatu beharra dauka, munduko hizkuntza guztiei dagokienez. Hori ez diogu hemen bakarrik, nazioarteko toki guztietan dago onartuta.  Hemen zergatik ez?  Horrez gain, ezin da ezjakintasunaren apologia egin: nire ezjakintasuna ezin dut saldu gauza ona balitz bezala. Bada, kasu batzuetan, hori egin da, eta astakeria hutsa da. Ez badakit, hutsunea onartu beharko dut, eta betetzen saiatu. Askoz logikoagoa litzateke.
Hobera egin al du euskararen erabilerak Osakidetzan?
Bai, bai. Nik ezagutu nuenean (1992an hasi nintzen karrera ikasten), hau mundu guztiz erdalduna zen, eta ikaragarri aldatzen ari da, pixkanaka. Asko dugu egiteko, dudarik gabe, baina profesional euskaldunak gero eta gehiago gara, eta harremanak euskaraz ere bai.  Azken urratsa egitea falta zaigu: euskara lan hizkuntza bihurtu. Beste alor askotan gertatzen ari den bezala, historia klinikoak euskaraz idatzi nahi ditugu, eta lana euskaraz egin, ez ahozko komunikazioan bakarrik. Bidea egiten ari da, baina eskatuko nieke erabiltzaile guztiei laguntzeko bide horretan. Hau da, faborez euskaraz egiteko eta hala egin diezaieten eskatzeko. Norbait gaizki datorrenean ez gara hasiko “Baina...”, ez da harrotzeko unea; hala ere, aurreneko euskara eskaera, behintzat, egin dezatela, presioa eragiteko.
Heriotzaren eta bizitzaren arteko muga ospitaleko beste inon baino meheagoa izango da ZIUn, eta egoera gogorrak egunero bizi izango dituzue. Nolakoa da zure egunerokoa? Hau da, nola eramaten da hori?
Emaitzaren kontzeptua pixka bat aldentzen ikasten dugu. Nik ahalik eta profesional onena izan behar dut, ahalik eta ondoena prestatua dagoena, eta lana ahalik eta ondoena egiten duena. Baina emaitza ez da halakoa: nik ez dut inor salbatzen, eta niregatik ez da inor hiltzen. Nik lana ahalik eta ondoena egin behar dut, eta emaitzak izan behar du, noski, ahalik eta onena. Baina ezin dut egun batean goian egon eta hurrengoan behean; hori ezinezkoa da. Bizitzaren gaineko ikuspuntua aldatu egiten dizu: heriotza hor dago, alde horretatik denok gara zaurgarriak edo ahulak, eta beste gauza batzuk estimatzen ikasten duzu.
ZIUn lehen aldiz sartu zen Felix eta oraingoa, oso ezberdinak dira?
Ez oso, baina izan ditu bilakaera eta aldaketa, bai. Batez ere, ez da hain dogmatikoa, eta pertsonenganako hurbiltasuna gero eta gehiago estimatzen du.
Beraz, gero eta latzagoak egingo zaizkizu lanean ikusten dituzun egoerak.
Bai, baina bizitzaren zatitzat jotzen ditudalako ere bai. Esaten dute, adineko lankideek ere esaten dute, egoerak gero eta gogorragoak egiten direla, haiek ere bizi izan dutela hori: 30 urterekin hasi zirenean baino gogorragoa egiten zaie orain, 60 urterekin, hori guztia eramatea, kontrakoa pentsa badaiteke ere. Dena den, naturaltasunez-edo begiratzen diezu: hau bizitzaren zati bat da. Denok gaude edozein unetan horrelako gauza bat jasateko arriskuan edo egoeran; arriskuan baino, egoeran, eta bizitzaren zati bat da. Horretan laguntzea gauza ederra da.
Heriotza tabua al da oraindik?
Bai, neurri handi batean; gainera, duela 100 urte baino tabu handiagoa, dudarik gabe. Gure aitona-amonen belaunaldiek gorpuak etxean izaten zituzten, beilatokia etxea bera izaten zen. Gaur egun, hori ez dugu onartu ere egiten ia. Gainera, beilatokiak hirigunetik urrundu ditugu, bisita motzak egiten dira, ahalik eta azkarrena ehorzten da, edo erre, edo dena delakoa, eta ahaztu.  Tabu bihurtu dugu, eta nik uste dut hori ez dela naturala, ez eta egokia ere. Bizitzaren zati bat da, eta naturaltasun handiagoz bizi beharko genuke.
Bertsotan ere aritzen zara, eta Zarauzko Motxian bertso eskolako kidea zara. Zer ematen dizu bertsoak?
Bertsotan egiten bakarrik ikasi nuen, eta plazan berandu sartu nintzen, karrera dagoeneko amaituta, eta horretarako asmorik gabe, gainera. Niretzat, bertsoa da hieroglifikoa, puzzlea edo gurutzegrama osatutakoan sortzen den plazer bera ematen dizun jolasa. Hau da, niretzat ariketa mentala da; piezak osatzeaz gain, zeure burua adierazten duzu, barrena askatzen duzu. Ariketa horrek barrenak lasaitzen dizkit, nolabait esatearren, nire sentimenduak adierazteko bide bat izateak askatu egiten nau. Zarautzen bertso eskola sortu zutela esan zidatenean, izena eman nuen, ongi pasatzeko besterik ez. Alegia, ez nuen inolako asmorik txapelketetan parte hartzeko eta plazetan kantatzeko. Hasi, kantatu, kantatu... baina oraindik ere ez ditut urtean 10 plaza egingo. Oso gutxi, behin ere ez ditut gehiago egin, baina behin ere ez dut bilatu.
Hortaz, terapeutikoa al da bertsotan aritzea?
Niretzat bai, dudarik gabe.
Eta pazienteentzat bertsoak entzutea terapeutikoa litzateke?
Bai, ziur. Gaur egun, badago joera orokorra osasungintzan, eta batez ere zainketa intentsiboen munduan, gizatiarrago bihurtzeko. Batzuek musikoterapiak eta horrelako gauzak egiten dituzte; nik neuk, eta benetan diot, bertsoterapiak egingo nituzke.
Inoiz egin al diozu gaixoren bati?
Asko kontziente dauzkagu, eta behin baino gehiagotan kantatu dut. Batzuk ez dira hemen kontatzekoak, baina memento oso politak ere izaten dira. Politenetako bat izan zen urtebetetze eguna zuen gaixo batena: “Hementxe natxiok, nire urtebetetzean eta ospatu ezinda...”. Zer nahiko zukeen galdetu nion, eta bertsozalea zela esan zidan. Orduan, nik: “A, bai? Nik bertso bat kantatuko banizu?”. Eta kantatu nion, eta hark, gainera, erantzun egin zidan. Ederra izan zen.

KOLKOTIK  

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Gaur, badugula koronabirusaren aurkako txertoa. Bestela,  letra txikia leitzeko gaitasun handiagoa daukagula, hainbeste titularri begira egon gabe.
Larunbat gau baterako plan onena?
45 urte eta bi haur ditudan honetan,  familiarekin afaltzera joan eta denok une goxo bat pasatzea. Duela urte batzuk... beste gauza bat erantzungo nizun.
Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan?
Esnea.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Kopeta atzeraka egiten ari zaion pertsona bat, baina irribarreari eusten diona.
Zerk ematen dizu beldurra?
Gauza gutxik. Errespetua gauza askok, eta beldurra pertsonaren eromenak, batez ere: psikosi kolektiboak, elkar  erotzeko gure ahalmenak.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Irribarre batek, askotan, edo elkarri laguntzeko keinu batek.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Berekoikeriak, gehienbat, nork bere burua baino ez izatea kontuan.
Zerk ematen dizu lotsa?
Konturatu gabe hanka sartzeak eta gero konturatzeak.
Bizitzako plazer txiki bat?
Txuleta puska bat jatea.
Zer da arrakasta zuretzat?
Zeu izanez zeure buruarekin konforme bizitzea.
Bertsotan, txapelketa ala edozein herriko plaza?
Dudarik gabe, edozein herriko plaza.
Medikuei buruzko telesailak gustuko al dituzu?
Ez, eta ez ditut ikusten, gehienak errealitatetik oso urruti daudelako.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Bat: mundua ikusteko bestelako ikuspuntua da. Bi, eta batik bat: jende asko ezagutzeko aukera emango dizu, eta pertsona horiekin komunikazio naturala izateko bidea.
Labur esanda, nolakoa da Felix Zubia?
Ufa! Ez dakit! Ahalik eta ondoena bizitzen saiatzen den pertsona, nahiz eta ez asmatu.