Porco Rosso

porco

Zuzendaria: Hayao Miyazaki. Gidoia: Hayao Miyazaki. Animazioa. Japonia, 1992.

Oharra: ezohiko egoeran, ezohiko film aukeraketa. Konfinamendu garaian zinema aretoak itxita egonik, ikuskizunen saileko film bat aukeratzea, zentzugabea izateaz gain, adarjotzetzat ere har daiteke. Beraz, etxean ikusteko film baten iruzkin edo sasi-iruzkina duzue honakoa. Etxeko heldu zein haurrentzat egokia, eta Internetek etxean eskaintzen dizkigun aukerei esker erraz eskuratzekoa.
Istorioa: Italian, bi mundu gerren artean, sorginkeria baten ondorioz txerri bilakatutako Porco, ur-hegazkin pilotu trebea, Adriatiko itsasoan aritzen da, itsasontziei eraso egiten dieten aireko piratak harrapatzearen truke ordainsariak jasoz. Piratak, baina, nazkatuta dabiltza Porcorekin...
Onena: beharbada, ez da Miyazaki handiaren filmik onena, baina gogoratuenetakoa, ziurrenik, bai. Miyazakiren lanetan ohikoa denez, ederra du animazioa, zaindua, gozagarria. Istorioak ere, historia eta politika kontuak abentura eta dramarekin uztartuta, erraz kateatzen gaitu, Porco pertsonaia misteriotsu eta erakargarriari segika. Helduak eta haurrak gustura utziko ditu lanak, pertsonaia nagusia oroimenean iltzatuta.
Esaldia: “Nahiago txerria izan faxista baino”.
Eñaut Mitxelena