Ibon RG

rgAmaitu berri den 2019an argitaratutako hiru lan izan ditut nire kaskoetan.
Junes Chuburu - Kantari
Zuberoako kantagintzaren entziklopedia biltzen du Junes Chubururen eztarriak. Zorionez, garaiz heldu zaigu santagraztarraren bakarkako lehenengo grabaketa hau, egunen batean damurik izan ez dezagun. Kantaera berezi baten jabe eta lekuko. Zorte on opa dizut, entzuteko gogoa piztu badizut: alferrik bilatuko duzu ohiko plataformetan edota gure komunikabideetan.
Verde Prato - Verde Prato
Ana Arsuagaren hau ere tolosarraren bakarkako lehen grabaketa da. Herri musika eta poparen lekukotza hartu eta bere uztako ametsezko melodiak sortu ditu, zein baino zein ederragoa. Verde Pratoren ahots hari misteriotsuak hegan egiten du teklatuaren atmosfera ketsuan zehar.
FAIA - Ao cabo Leirin
Kantutegi tradizionalari heltzeko beste molde bat dakar FAIA galiziarrak lan laburregi honetan. Doinu bakoitza leku berezi batean grabatu du (taberna batean, mendian, armairu baten barruan...). Espazio horien oihartzuna da kantuen lagungarri, babes eta soineko, eta Faia Diaz Novok sentiberatasun bereziz kantatzen ditu.