111 Akademiaren Saria 2019, norentzat?

akademia

Karmele Jaioren Aitaren etxea, Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak eta Itxaro Bordaren Susmaezinak lanen artean aukeratu berri dute akademiakideek norentzat izango den 2019ko 111 Akademiaren Saria. Halere, Akademiak  apirilaren bukaerara aldera emango du ezagutzera irabazlearen izena. Euskal literaturak iaz utzitako uzta zabaletik bost horiek izan dira urteko libururik gogokoena aukeratzeko bidean lehen bozketa txanda (otsailaren hasieratik martxoaren 5era bitartean, 95 akademiakidek eman zuten botoa) gainditu eta bigarrenera (martxoaren 31n bukatu zen bozka emateko epea) igaro zirenak. Bigarren buelta horretan, libururen batek jasotako botoen % 40 lortuz gero, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2019ko saridun; kopuru horretara iristen den lanik egon ezean, aldiz, bi bozkatuenak joango lirateke finalera. Esan bezala, baina, hori guztia nola geratu den ez dugu jakingo hil honen amaiera arte.


etxeberriaTXORIA NINTZELA ipuin bilduma kaleratu du Xabier Etxeberriak, Elkar argitaletxearekin. Lehenengoa da bere literatur ibilbidean, orain arte lau eleberri idatzi baititu bakarka, eta beste lau anaia Martinekin elkarlanean. 1980tik 1990era doan hamarkadan, Euskal Herriko edozein herri ertainetan, haurtzarotik nerabezarora eta geroago gaztarora igarotzen den neska-mutil taldea da protagonista. Zazpi ipuin dira, istorio independenteak, baina elkarren artean badute lotura, nolabait, pertsonaien bidez: umetako jolas ez beti inuzenteak, norbere identitate sexualaren aurkikuntza, jaietako parrandak, oso lagunak ez diren adiskideak, politikak etsaitzen dituenak… Umorearen eta ironiaren azpian ezkutatzen dira mamia eta sakontasuna.

 

 

 

 

andreANDREZAHARRAREN MANIFESTUA
Mari Luz Esteban
Pamiela, 2019

“Manifestu bat da zure garaiaren eta gizartearen Arrazoiaren aurka idaztea, leiho bat zabaltzea etorkizunera”. Horrela, baina poesia eran, definitu du egileak manifestua; eta poemaz poema idatzi du zahartzaroaz, kezka pertsonala oinarrian, baina, batez ere, kezka sozial eta politikoa. Izan ere, egilearen ustez, “gogoeta gutxi dago gutxieneko kontzientzia feminista eta soziala dugun emakumeon zahartze prozesuaz”. Hala, hainbat gai jorratu ditu: sexualitatea, zaintza, erretiroa hartzea...

jentilakJENTILAK. EUSKAL MITOLOGIAREN AZKEN SEKRETUA
Aritza Bergara
Eguzkilore Liburuak, 2019

Joseba Etxebarrieta EHUko Antropologia Saileko irakaslea  lantalde batean sartuko da, zeinaren asmoa izango baita gertakari ilun bat argitzea: idazki batean dago ezkutaturik, eta Aita Barandiaran bera ere isilpean gordetzen saiatu zen. Antzinako izkribu horretan, jentilak nola galdu ziren azaltzen da. Lantaldeak, teknologiarik aurreratuena erabilita, jentilen "alegiazko" akabera gertatu zen lekua topatuko du.