Bertsolaritza

koadrilaArabako Bertso Koadrila Artekoa abian da

Bi urtetik behineko hitzorduari hutsik egin gabe, Arabako bertsolaritzari astindua emango dio Arabako Bertso Koadrila Artekoaren hirugarren edizioak. Otsailaren 1etik apirilaren 5era, 20 saio burutuko dira. Horietan, guztira 36 taldek hartuko dute parte: 15ek bat-batekoan eta 21ek idatzizkoan. Denera, 300 lagun inguru. Arabako bertsolaritza saretu, indartu eta astintzeko xedea du aurtengo edizioak. Hala, honako ardatz nagusiok izango ditu: lehiarik eza, auzolana eta izaera kolektibo eta herrikoia. Lehiarik gabea izaki, sailkapenik ez da izango. Hartara, parte-hartzea sustatuko dute. Bestetik, auzolana izango du oinarri, saioen antolaketan taldeen autogestioari leku eginda. Izaera kolektiboari garrantzia emanda, bertsolaritzako eragile ezberdinek taldean parte har dezaten bultzatuko da. Azkenik, nahi duenari parte hartzeko aukera emanda, bertsolaritza herrikoia sustatuko dute. Oinarri horiek guztiak gauzatuko dira apirilaren 5era bitartean, baita azken egun horretan ere. Izan ere, Agurainen partaide guztiak batuko dituen egun osoko festak emango dio amaiera Arabako Bertso Koadrila Artekoari.