Hik ez dakik zer den beldurra

kritikaKarlos Linazasoro
Erein, 2019

C1

Karlos Linazasororen azken ipuin bilduman, erruz ikusiko dugu gaizkia, izenburuko beldur horren ondoriozko gaizkia, hain zuzen ere, baina ez horrenbeste gaiztakeria. Izan ere, liburua osatzen duten 18 ipuinetako protagonistek delitu gogorrak egin dituzte, baina haiengan ez da gaiztakeriarik antzematen. Gehien-gehienak pertsona arruntak dira, zu eta ni bezalakoxeak, eta delitua eginarazi dieten inguruabarrekin zuritzen dute krimena: aita tratu txar emailea hiltzen duena gaizkilea al da? Gaiztoa al da?
Bada, poetikotasun latzez idatzitako ipuinotan, gizadiaren gogoa hainbat aldiz astindu duten galderak topatuko ditugu, deserosoak askotan: Zer da gaizkia? Nondik datorkigu? Berezkoa dugu ala inguruak egiten gaitu gaizkile/gaizto? Zer egin gaizkileekin? Guztiak maila berean daude? Hala, protagonista kartzelan dagoela iradokitzen duten elkarrizketek ematen diote hasiera ipuin askori, eta irakurleak hasiera-hasieratik daki harrapatu egingo dutela. Haatik, horrek ez du irakurketa zapuzten: pertsona arrunt batek beste bat zergatik eta nola hiltzen duen jakitea da testuen muina, edota haien krimena nola zuritzen duten ikustea (erruduntasuna ere sumatuko dugu zenbaitetan).
Poesia ukitudun ipuinak ekarri dizkigu oraingoan Linazasorok, gure baitatik igaro, iragazi eta, topatu dezakegunaren beldurrez, kanpora jaurtitzekoak.
Alaitz Andreu