Nostalgia apur bat

Barkatuko didazue, baina gaurkoan nostalgiko samar nator. Azken egunotan (adinaren ajeak), etxeko lehen ordenagailu haiekin akordatu naiz, gaztetan izandakoekin; 80ko hamarkadako Spectrum, Amstrad, MSX, Commodore eta enparauekin. Gauza asko goitik behera aldatu dira etxeko informatikan garai haietatik, eta ez naiz ari bakarrik potentziaz, datuak gordetzeko ahalmenaz edo konektibitateaz...
Teknikoki, 80ko ‘mikroordenagailu’ haiek erabat barregarriak ziren gaur egungoen aldean. 16 eta 256 kilobyte bitarteko RAM memoria, 8 kolore baino ez pantailan... Baina denek ere bazuten gauza bat, orduan munduko gauzarik naturalena zena, eta gaur egungo ordenagailuetan edo, kasurako, sakelako telefonoetan pentsaezina dena: programazio hizkuntza lengoaia oinarrizko softwarearen baitan. BASIC lengoaiaren hainbat bertsio eta aldaera erabil zitezkeen ordenagailu haietan guztietan.
Programazio hizkuntza hura programa osoak sortzeko edota aparte erositako jokoetan aldaerak sartzeko erabil zitekeen. Are gehiago: garai hartako informatika aldizkarietan, sarri argitaratzen ziren BASIC ikastaroak, edota norbere etxean osorik kopiatu eta nahi bezala eraldatzeko moduko programak. Gutxi-asko, arreta apur bat jarrita edozeinek egoki zezakeen ordenagailua berak nahi zuen edozer egin zezan.
BASIC hura eskoletan ere irakasten zen. Gogoan dut joko oso sinpleak programatu izana institutuan, eta etxean ere gauza askoz konplexuagoak, BASICen agindu multzo mugatua oinarri. Horrek makinak nola funtzionatzen duen ulertzen laguntzen zuen.
Espiritu sortzaile hura erabat galdu da gaur egungo ordenagailuetan: softwareari dagokionez, industriak kontsumitzaile huts nahi gaitu erabiltzaileok. Programazio lengoaiak aspaldi ez dira ordenagailuen oinarrizko softwarearen parte, eta garatzaile profesional edota hackerrentzat dira. Eskoletan, ez da irakasten, lehen BASIC edo LOGO irakasten ziren moduan. Makinak esaten digu guri zer egin, ez alderantziz.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/logo
Berrian, nire kezkaren antzekoa izan zuten duela urte batzuk. Luzexeago azaldu zuten nik hemen labur-labur aipatu dizuedana.

https://twitter.com/bbcmicrobot/
Twitterren, kontu bitxi hau sortu dute. BASIC lengoaiaz idatzitako programa bat bidaltzen badiozu, 80ko hamarkadako BBC Micro ordenagailu baten irudia, zure programa exekutatzen, itzuliko dizu. Kontuz, mendekotasuna sor dezake!

https://eu.wikipedia.org/wiki/BASIC
BASIC programazio lengoaia, Wikipedian.