Etxean egoteko baliabide ugari sarean

kulturklik

Dagoeneko ez dago esan beharrik ere: COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduan, Internet ezinbesteko tresna bilakatu da. Euskara ikasleok ere ondotxo dakizue, sarearen bitartez jarrai dezakezuelako eskolak jasotzen, edota teknologiari esker ari zaretelako mintzapraktikei eusten. Beste baliabide ugari ere abiarazi dituzte askotariko elkarte, erakunde, talde, hedabide eta norbanakoek: ikus-entzunezkoak, haurrentzako kontuak, irakurgaiak, liburutegi publikoen eskaintza, lehiaketak eta desafioak, jokoak, soinketa... denetik, denontzat eta euskaraz. Guztiak lerro gutxi hauetan batzea ezinezkoa denez, bilketa lana egin duten hiru gune aipatuko ditugu hemen, eskaintza zabala jasotzen baitute: Berriaren webgunearen (www.berria.eus) Zer egin etxean atala, UEMAren (www.uema.eus) Etxean goxo egoteko euskarazko baliabideen zerrenda eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturklik guneko (www.kulturklik.euskadi.eus) Euskarazko kultur baliabideak, etxean gozatzeko. Lotura mordoa jaso dute (asko hiruretan ageri dira), denak oso baliagarriak. Era berean, beste ekimen batzuk oraindik ez daude jasota, baina sarean topa daitezke. Beraz, segi arakatzen eta euskarak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen edota sortzen.


adituADITU hizketa ezagutzaile elebiduna sareratu du Elhuyarrek, aditu.eus webgunean, doan probatzeko moduan. Euskarazko zein gaztelaniazko audio eta bideoak automatikoki transkribatu eta azpititulatzen dituen lehen euskarazko plataforma da Aditu, eta aurrez grabatutako fitxategiekin nahiz zuzenekoekin balia daiteke: audio eta bideo fitxategiak, online eskainitako audio eta bideoen estekak... baita aldibereko transkripzioak ere. Transkripzioen testuak ez ezik, azpitituluen fitxategiak ere sortzen ditu, VTT eta SRT formatuetan. Editatzeko aukera ere ematen du, Adituk sortutako transkripzioak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko. Esan bezala Aditu.eus webgunean balia badaiteke ere, beste gune eta plataforma batzuetan txertatzeko aukera ere ematen du.

LABURREAN

NEGOZIO eta proiektu txikiei digitalizatzen lagunduko die PuntuEUS Fundazioak, Ireki ate berri bat egitasmoaren bitartez. Zehazki, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz beren jardueraren atea itxi behar izan dutenei eskainiko dizkie baliabideak, “ate digitala” zabaltzen laguntzeko. Hala, jarduerak edo proiektuak digitalizatzeko beharrezko bitartekoak eskainiko zaizkie, dohainik, webgunerik ez duten negozio eta profesionalei: .eus domeinua eta zerbitzaria kosturik gabe lehen urtean. .eus domeinu izena eskura jarrita, online presentzia indartzeko aukera izango dute eskatzaileek, hainbat tresnari esker.  PuntuEUS Fundazioaren www.domeinuak.eus webgunean jaso dituzte egin beharreko urratsak.


ttapTTAP aldizkari digitalari, irakurri,  “ikusi, ukitu eta entzun” daitekeen astekariari, forma eta edukiak berritu dizkiote. Edukiari dagokionez, orain artean Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan plazaratzen zituzten argitalpenak bakarrean batu dituzte, eta gehiago erantsi dizkiote. Diseinuari dagokionez, erabilgarriagoa eta irakurterrazagoa da orain. Horrez gain, euskarri digitalerako propio sortutako Gorabeherak ikus-entzunezko umorezko saila eskaintzen hasi dira, hamabostean behin kapitulu bat sareratuta. Doakoa, https://ttap.eus/ helbidean eskura daiteke Ttap, Android zein iOS gailuetarako.