Gainezka

zabortegia

Zaborra gainezka, zalantzak gainezka eta jendearen ezinegona gainezka. Ia hilabete joan da otsailaren 6an Verter Recycling 2002 enpresaren Zaldibarko zabortegian, Eitzaga auzoan, luizia izan zenetik. Aldizkaria inprimategian egon bitartean bestelakorik gertatu ez bada, oraindik ere bi langile zabor mendiaren azpian desagertuta egongo dira. Horiez gain, zalantza eta galdera ugari utzi ditu egun hauetan guztietan gertaturikoak: desagertutako langileen senideen haserrea; zabortegiaren jardunean azaleratu diren irregulartasunak; hondamendiari erantzuteko Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa; gai oso kutsatzaileak agertu izana, amiantoa, besteak beste; zabortegian piztutako suteek airean zabaldutako kutsatzaileak; zabortegi inguruko biztanleen ezinegona; informazio eskasa edota kontrajarria; hasieran beharrezko babesik gabe erreskate lanetan ibili zirenen lan baldintzak; administrazioak zabortegiaren gainean izandako kontrolaren gaineko zalantzak; politikarien arteko xextrak... Eta, horren guztiorren atzean, sortzen dugun zaborra kudeatzeko politikak, ongizate orokorrari baino interes pribatuei erantzuten dietenak, antza, eta egungo ereduak iraultzeko beharra erakusten dutenak.