George Steiner

olasagarreJuanjo Olasagarre

Aurreko hilean, ia oharkabean, George Steiner hil zitzaigun, 90 urterekin. Parisen jaiotako jatorri vienarreko judua zen Steiner; hiru hizkuntzatan hezia -frantsesa, ingelesa eta alemana-, gaztaroan latina, greko klasikoa eta italiera ikasi zituen. Giza esparruko ikasgaiez gain, zientzia esparrukoez ere kezkatzen zen Cambridge eta Princentoneko irakaslea izan zen gizon paregabe hau.
Tragediaren Heriotza izenburuarekin argitaratu zuen bere tesia; bertan, Eskilo arkaikotik, Sofokles klasikoan zehar, Euripides barrokora doan denbora tarte txikia aztertu zuen, garaiko Atenasko gizarte eta erlijioarekin loturik. Tragedia irrazionaltasunarekin loturik dago, gure bizitza salba ala galbidean jar dezaketen indarrak ustekabekoak, ez gizatiarrak, ulertezinak eta ezin azalduzkotzat jotzen ditugun bitartean, tragedia izan, izango da, baina behin arrazoia agerturik, indar horien jatorria azaldurik, behin arrazoiak argiturik, tragediarik ez da izango, are gutxiago orain arte bizi izan garen mundu kristau honetan, non erredentzioa, Kristoren bidez, izan baden; tragedia konponezina da, bigarren aukerarik gabea. Goi mailako melodrama izango da, tragikomedia, nahi baduzue, baina tragedia, atzerabueltarik gabeko istorio moduan, Euripidesekin bukatu zen, Platon arrazoi egilea agertu eta berehala. Steinerrek, tesian, Shakespeare, Racine, Brecht, Ibsen, Chejoven lanak aztertu zituen, zehatz-mehatz aztertu ere, eta erabaki zuen ez zirela tragedia, baizik eta beste zerbait, autore horiei batere meriturik kendu gabe.
Freudek zioen gizakiok zoritxarraren aurrean azalpenak behar ditugula, arrazoiak aurkitu beharra dugula zoritxar horrek eragindako mina arintzeko, natura dela oraindik ere, hondamendi naturalak, esango genuke, arrazoitik haragoko gisa onartuko ditugun bakarrak.
Neure buruari galdetzen diot zer pentsatuko ote zuen George Steinerrek klima aldaketari buruz, giza espeziea akabatzeko arriskuan jarri eta areago jarriko duen mehatxu horren ondorioez...tragediatzat ala drama gorentzat ala tragikomediatzat joko zuen. Garaiz ote gabiltzan.