Irratia

irratiaArrosa Sarearen IX. Jardunaldiak, martxoaren 28an Errenterian

Euskal Herriko hainbat irratitako kideak bilduko dira, martxoaren 28an, Errenterian, Arrosa Irrati Sarearen IX. Jardunaldietan. Elkarlanean eta elkar ezagutzan sakontzeko hitzordua izan ohi dira Arrosa Sarearen jardunaldiak, eta, aurten, Zintzilik irratiak antolatuko ditu, iaz 35 urte bete zituen Errenteriako irrati libre beteranoak, hain zuzen. Egun osoko egitaraua izango dute jardunaldiek. Goizean, hiru hitzaldi/tailer egingo dituzte, podcast-ei eta Radio Enlace sistemari buruzko bana, eta hizkuntza ez sexistari buruzko beste bat. Eguerdian, bazkaria egingo dute Bukagaitz auzo elkartean, eta Arrosako bingo musikalarekin eta karaokearekin girotuko dute bazkalostea. Azkenik, 21:15ean, kontzertua izango da Niessen aretoan, Floxbin, El Quinto con Tenedor eta Fetitxe taldeekin. Arrosa Irrati Sarea federazioak Euskal Herriko askotariko 23 irrati biltzen ditu: irrati libreak, udal irratiak, eskualdeetakoak, irrati nazionalak… Euskara dute denek ardatz, elkarlanari esker irrati horietan guztietan euskararen presentzia areagotzea baitute helburu.