Kultura

loraldiaSormena loratuko du Loraldia jaialdiak Bilbon

Seigarren urtez, Loraldia festibalak kulturaz blaituko du Bilbo. Hamaika desira! lelopean, martxoaren 10etik 29ra euskararen plaza bilakatuko ditu Bilboko 15 gune, diziplina artistiko ugari bilduko dituzten jarduerei esker. Ohi den moduan, produkzio berriak, estreinaldiak eta elkarlanean sortutako lanak eskainiko ditu 6. Loraldiak. Hala, aurtengo jaialdian denetik egongo da: antzerkia, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza. Besteak beste, euskal kulturako zenbait erreferente izango dituzte gogoan, hala nola, Jose Mari Iparragirre (aurten 200 urte beteko dira Urretxuko bardoa jaio zenetik), Joseba Sarrionandia idazlea, Agosti Xaho eta Fermin Muguruza. Gainera, lehenengoz, rol jokoan euskaraz aritzeko parada izango da, Atopia jokoa oinarri. Guztira, ia 30 ekitaldi egingo dira euskal sortzaileak eta sorkuntzak nabarmentzea helburu duen jaialdian. Egitarau osoa www.loraldia.eus gunean dago ikusgai, sarrerak erosteko edota jaialdiari laguntzeko beharrezko informazioarekin batera.