Zinema

starwars'Star Wars' sagako zenbait dekoratu hondarpean desagertzeko zorian dira

Tunisiako desertuko dunek laster irentsiko dute Mos Espa, Star Wars Episode I – The Phantom Menace (George Lucas, 1999) filmean ageri zen hiria. Filmean, basamortuz beteriko Tatooine planetako hiria zen Mos Espa, baita espazio ontzientzako lurreratze gunea ere. Bertan bizi zen Anakin Skywalker, ondoren filmeko pertsonaia zitalena, Darth Vader ezaguna, bilakatuko zena. Benetan, ordea, Tunisian, Tozeur probintziako desertuan, eraiki zituzten Mos Espa hiriaren dekoratuak. Haatik, laster barru ezer gutxi ikusi ahal izango dute Star Warsen zaleek bertan, desertuko dunak pixkanaka 20 bat etxetxoz osaturiko hiri faltsua jaten ari baitira. Tunisiako eta AEBetako ikertzaile talde batek  inguruko dunen mugimendua aztertu du 2009tik satelite bidez lorturiko argazkiak erabiliz. Horiei esker, dunen abiadura ere neurtu ahal izan dute. Hala, inguru hartako dunak urtean hamabost metro mugitzen direla kalkulatu dute. 2013ko hasieran, dunek  Mos Espako eraikin batzuk ukitu zituztela egiaztatu zuten,  beraz, askorik ez da falta basamortuak gezurrezko hiria irensteko. Hala eta guztiz ere, dunen etengabeko mugimenduari esker, Mos Esparen desagerpenak izango du bere ifrentzua: hemendik urte batzuetara, dekoratuak berriro aterako dira hondar azpitik. Ordurako zein egoeratan izango ote diren, baina, beste kontu bat izango da...