Jendartea

martxoakGreba deialdirik gabe, martxoaren 8an kaleak betetzeko deia egin du mugimendu feministak

2018an eta 2019an bezala, martxoaren 8an kaleak betetzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, nahiz eta aurtengoan ez duen greba deialdirik egingo. Greba feminista “emakume langileak antolatzeko bitarteko bat gehiago, eta ez helburu bat” dela gogorarazita, egungo jendarte eredua eraldatzeko ahaleginari eutsiko diote. Horrenbestez, feminismoan emakumeen autoantolaketaren beharra azpimarratzen jarraituko dute, “suntsitzen gaituen kapitalismo basatiari aurre egingo dion feminismoa” aldarrikatzeaz batera. Era berean, salatuko dituzte arrazakeria instituzionala, xenofobia eta neoliberalismoak hedaturiko “indibidualismo basatia”; baita eskubideen galera, hondamendi ekologikoa eta gerra suntsitzaileak ere. Horretarako, hainbat hitzordu antolatu dituzte Euskal Herrian; hona hemen nagusiak: Iruñerrian, 12:00etan, mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan, eta arratsaldean, 18:00etan, mobilizazio zentralizatuak eskualdeetan; Gasteizen, 17:30ean, San Anton Plazan; Donostian, 12:00etan, mobilizazio deszentralizatuak herri eta auzoetan, eta, 18:00etan, mobilizazio zentralizatuak; Baionan, 11:00etan, Pausa aurrean; eta Bilbon, 13:00etan, Jesusen Bihotzean.