Bilbo

euskararenEuskararen Etxea, eraberritua eta nobedadez beteta

Eskaintza zabalagoa izango du, aurrerantzean, Euskararen Etxeak. Egun, eraberritze prozesuan da Azkue Fundazioak kudeaturiko gunea, eta, lehen fasea amaituta, zerbitzu gehiago eskaintzen hasi da. Horretarako, ordutegia ere zabaldu du: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara egoten da zabalik, euskararen inguruan diharduten eragileek aukera handiagoa izan dezaten Euskararen Etxeko lau aretoak erabiltzeko. Hain zuzen, lehen solairuan dauden aretoetan egin dituzte obrak, “gune horiei ahalik eta probetxu gehiena ateratzeko asmoz”. Era berean, Euskararen Etxean bertan dagoen Euskararen Interpretazio Zentroko Eskola Programa ere berritu dute, Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Lehen fasearen ostean, berritze lanek udan izango dute segida. Orduan, bigarren solairuan egingo dituzte lanak. Datorren urtean, berriz, Lantegi Kooperatiboa izeneko coworking gunea berrituko dute, hirugarren solairuan.  Horiez guztiez gain, bada berritasun gehiago: Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak www.euskararenetxea.eus webgune berrian paratu dituzte. Bilboko San Inazio auzoan dago Euskararen Etxea, eta 2004an sortu zuten, lankidetzan, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak; harrezkeroztik, esan bezala, Azkue Fundazioak kudeatzen du.