Artea

omaOmako basoak erreplika izango du

Agustin Ibarrola artistak (Basauri, Bizkaia, 1930) Omako basoan egindako margoen iraupena bermatzeko, erreplika bat egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak. Kortezubi herriko baso ezaguneko pinuak hiltzen ari dira, dela zaharrak direlako, dela xingola marroiaren gaitzak jota daudelako. Hori dela eta, erreplika egitea erabaki du Aldundiak, Ibarrolaren familiaren onespena eta gaia lantzeko sortutako adituen batzordearen oniritzia jaso ostean. Erreplika zein basotan kokatuko duten ez dute zehaztu, baina egungoaren ondoan egingo dutela ziurtatu dute. Aldundiak jakinarazi duenez, bisitarientzat irisgarria izango da, eta ingurumena errespetatuko du. Erreplika egiteko data jakinik ez dute aipatu. Ibarrolaren margoak ikusgai dituen jatorrizko basoari dagokionez, zabalik mantenduko dute, bai, behintzat, zuhaitzak erortzeko arriskurik ez dagoen eremuetan. Bestela, itxi egingo dituzte, eta dagoeneko jausita diren edota erortzekotan dauden zuhaitzak kendu egingo dituzte. Hain zuzen ere, iazko udaberrian itxi egin zuten basoa, zenbait zuhaitzen egoera txarrak eragindako arriskuarengatik. Ibarrolak 1983. eta 1991. urteen artean egin zituen Omako basoko margolanak. Guztira, 500 bat zuhaitz margotu zituen, eta parajea oso ezaguna bilakatu zen, bisitari ugari erakartzen dituena.