Euskara

passemKorrikarik gabe ere, 2020a Korrikaz lepo

Datorren urtean zeharkatuko du Euskal Herria 22. Korrikak, euskararen aldeko eta AEK sostengatzeko lasterketa erraldoiak. Nolanahi ere, aurten izango da Europan hizkuntza gutxituen alde lasterka egiteko modua, Korrika eredu hartu duten ekimen ugari egingo baitira. Lehena, okzitanieraren aldeko La Passem! izango da: apirilaren 30ean abiatuko da, Pauetik, bigarren edizioa, eta Angelun, Euskal Herrian, amaituko da maiatzaren 3an. Maiatzean, hain zuzen, bretoiaren aldeko Ar Redadeg lasterketaren txanda izango da. Korrikaren “ahizpa” garrantzitsuenak zazpigarren edizioa izango du aurtengoa, eta Karaez (Carhaix) eta Gwengamp (Guingamp) lotuko ditu maiatzaren 15etik 23ra. Hil berean, Korrikaren beste kimu bat jaioko da, Alsazian: Sprochrenner! Maiatzaren 31n abiatuko da Alsaziako hegoaldeko Bale herritik, eta, 340 kilometro egin ostean, Wissembourgen finituko da. Azkenik, galesaren aldeko Ras yr Iaith ekimenaren hirugarren ekitaldia egingo dute, baina oraindik ez dute data zehatzik erabaki.  Bistan denez, Korrikaren adarrak zabaltzen ari dira Europan barrena. Horren lekuko, 2018ko maiatzaren 5ean zabaldutako Kemperreko (Quimper, Bretainia) adierazpena: orduan osatu zen Eurokorrika, hizkuntzen aldeko lasterketen sare europarra, kide mordoxkarekin: Korrika (euskara), Correlingua (galiziera), Correllengua (katalana), Course Lingua (okzitaniera, Aran Haranean), La Passem! (okzitaniera, Biarnon), Ar Redadeg (bretoiera), Ras yr Iaith (galesa), Rith (irlandera) eta Sprochrenner! (alsaziera).