Hegaztiak

zikoinaZikoina zaharrek migratzeari utzi diote

Neguko hotzak saihesteko Europatik Afrika aldera joan beharrean, zikoina zuriek (Ciconia ciconia) nahiago dute bertan gozo gelditu, eta bidaia luzeak ekidin. Bai, bederen, amiamoko zaharrenek: zikoina gazteek ez bezala, Afrikara jo ordez, asko eta asko Iberiar penintsulan geratzen dira neguan. Hala, soilik zikoina gazteek jarraitzen dute ohiko migrazio bidaiak egiten, negua Afrikako leku epelagoetan igaro eta udaberrian Europara itzultzeko. Alegia, genetikoki ondo finkatuak dituzten portaerak aldatu egin dituzte zikoina zuriek. Negua emateko habitat berriak topatu dituztelako gertatzen da hori, SEO/Birdlife gobernuz kanpoko erakundeak eginiko ikerketa baten arabera. Arroz-soroak, zabortegiak... halako lekuetan nahikoa janari aurkitzen dutenez, Iberiar penintsulatik beherago joateari utzi diote. Hori bai, amiamoko zuri zaharren artean bakarrik antzeman dute joera hori; gazteek oraindik ere eusten diete migrazio bidaia berberei. Zazpi urteko lanaren ostean konturatu dira joera aldaketaz. Nazioarteko beste zenbait erakunderekin batera, Iberiar penintsulako eta Europako erdialdeko zikoina zurien populazioak aztertu zituzten. Besteak beste, urruneko kontrolerako gailuen bitartez 79 zikoinaren (34 heldu eta 45 gazte) mugimenduak jarraitu zituzten. Gainera, eraztunekin markaturiko zikoinen datuak era baliatu zituzten, baita Gibraltarreko itsasartean egiten diren zikoina zenbaketetan bildutakoak ere.