Zientzia

bmwAuto garestien jabeek okerrago gidatzen dute

Goi mailako autoen gidariek gutxiago errespetatzen al dituzte zirkulazio arauak? Aurreiritzi nahiko zabalduaren arabera, bai. Gaia ikertu ostean, Helsinkiko Unibertsitateko (Finlandia) Jan Erik Lonnqvist irakaslea ere baiezkoan dago. Hori bai, gidari horiek ez ditu autoak bilakatzen ezatsegin eta errespeturik gabeak, alderantziz baizik: halako nortasuna dutenek izaten dute joera handiagoa auto mota horiek gidatzeko, Audi, BMW edo Mercedes markakoak, esaterako. Nartzisistak, desatseginak, gatazkatsuak eta enpatia urrikoak izan ohi dira. Ikerketa egiteko, Finlandiako 1.892 auto jabe aztertu zituzten. Batetik, autoari, kontsumo ohiturei edota aberastasunari buruzko galderak egin zizkieten. Horrekin batera, nortasun azterketa estandar bat ere egin zieten, bost ezaugarri neurtzeko: enpatia, zehaztasuna, neurotikoa izateko joera, kanporakoitasuna eta atsegintasuna. Pertsona desatseginek auto garestiak gidatzeko duten joera ez ezik, bestelako ezaugarri batzuk ere antzeman zituzten ikerketan. Esaterako, auto garestiak gidatzen dituztenak zorrotzak izan ohi direla normalean, baita anbizio handikoak, ongi antolatuak, fidagarriak, lanean finak eta osasuna zaintzen dutenak ere. Lonnqvisten ustez, halako pertsonek garrantzi handia ematen diote kalitateari, eta horregatik aukeratzen dituzte goi mailako autoak. Hori bai, auto garestiak ausarkeriaz gidatzen dituztenen artean emakumezkorik topatzea zailagoa da; izan ere,  emakumeengan, ez dute topatu loturarik halako nortasunaren eta goi mailako autoen artean. Alderantziz, luxuzko autoak gidatzen dituzten emakumeak gidari onak izaten dira, eta trafiko arauak zintzo betetzen dituzte. Lonnqvistek azaldu duenez, arrazoia izan daiteke emakumeek ez dituztela auto garestiak estatus ekonomiko onaren ikurtzat jotzen.