Intsektuak

ipurtargiArgi kutsadura, ipurtargien galbide

Munduan, 2.000 bat ipurtargi espezie daude, eta, beste intsektu mota askorena bezala, ipurtargien populazioa gero eta txikiagoa da. Hori hala izateko arrazoi nagusiak ikertu ditu Tuftseko Unibertsitateko (AEB) talde batek, Sara Lewis biologia irakaslearen gidaritzapean. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasuneko hainbat kidek 2018tik jasotako datuak baliatu dituzte horretarako; zehazki, mundu osoko 300 entomologok erantzundako galdetegiak. BioScience aldizkarian argitaratutako azterketaren arabera, hiru dira ipurtargien mehatxu nagusiak, hirurak gizakiak eraginak. Nagusia habitat galera da: lurraren urbanizatzea, nekazaritza eremuen hedapena... eta gero argi kutsadura eta pestizidak. Gehiegizko argitasunak nahasi egiten ditu intsektu hauek, eta haien ugalketa erritualak zapuztu. Hain zuzen, argi kutsadura da ipurtargien bigarren mehatxurik handiena Europan. Izan ere, munduko eremurik urbanizatuena denez, bertan sortzen da argi artifizial gehien. AEBetan, aldiz, habitat galeraren ondoren, pestiziden erabilera dute mehatxu nagusia: pestizida mota batzuek nabarmen murrizten dituzte ipurtargi populazioak. Argiak, pestizidak, habitat galera... aldaera asko dituzte mehatxuek, baina aurpegi bakarra: gizakiarena.