Igantzi

igantziHerriko etxeen izenak oinarri, gida kaleratu dute

Aspaldiko ohitura sustatzeko asmoz, etxeen izenak aintzat hartzen dituen gida argitaratu dute Bortzirietako Igantzi herrian (Nafarroa). Gida horrek herritarrei eta herriko bizilagunei buruzko informazioa jasotzen du, herriko etxeen izenak baliatuta: helbideak etxeen izenekin, etxeen izen eta informazioa auzoz auzo banatuta, etxeen jabeen izenak, telefono-zenbakiak… Modu horretan, etxeen izenak berreskuratzea eta erabiltzea bultzatu nahi du gidaren argitaratzaileak, Igantziko Euskara Batzordeak, hain zuzen. Horretarako, halaber, etxeei izena ipintzeko erabili izan diren irizpideen berri ematen du gidak, etxe berriak egiten dituztenek izen berria jartzerakoan gutxieneko argibideak izan ditzaten. Etxearen izena kontuan hartuta helbideak nola idatzi behar diren ere erakusten du. Berezitasun horietatik kanpo, ohiko gida da Igantziko Euskara Batzordearena. Hau da, herriari buruzko hainbat informazio biltzen du: zerbitzu publikoak, elkarteak, lantegiak, komertzioa… Lehendik ere, 2003an, plazaratu zuten Igantzin tankera bereko gida. Alabaina, gida hura zaharkituta geratu dela eta, berria argitaratu dute. Herriko etxeetan dagoeneko jaso dute gida bana, baina ale gehiago eska daitezke Herriko Etxean.