“Asko aipatzen da Eliza, baina estamentu medikua askoz ere okerragoa da”

 BEA SEVER

 Aniztasuna aldarri

bea

Bea Sever Egañaren (Algorta, 1973) bizitza goitik behera aldatu zen, duela bost urte, alabatzat zuena semea zela jakin zuenean. Gaur egun, sexologoa eta kazetaria izateaz gain, Naizen Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkartearen bozeramailea da. Sari asko jaso dituzte azkenaldian: Bihotza saria, Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina, Sabino Arana Fundazioaren saria… Eta Laiak saria jasoko dute, Iñigo Lamarkarekin batera, martxoaren 28an. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Gauzak ondo egiten ari zareten seinale? Ala euskal gizartea uste baino solidario eta ulerkorragoa da?

Gauza biengatik dela esango nuke. Alde batetik, pentsatu nahi dut gauzak ondo egiten ditugula; bestetik, euskal gizartea prest zegoen aniztasuna ulertzeko eta onartzeko. Are gehiago inguruari begiratzen badiogu. Espainiako estatuan, atzerapausoak ere egin dira, gaia hezkuntza protokoloetatik ateratzea, adibidez; Frantzian, berriz, ez dago transexualitate legerik ere, oso atzeratuta daude. Guk hiru familia ditugu Hendaian, eta saiatzen dira egin beharrekoak Gurutzetako ospitalean egiten (hori posible da, gurasoetako bat Irunen lanean badabil, gizarte segurantza dutelako). Legerik ezean, eskolan zerbait lortzea eskolaren borondatearen mende dago... Hego Euskal Herrian, aldiz, jarrera positiboa jaso dugu bai gizartearengandik bai erakunde eta komunikabideetatik. Hedabideek sekulako laguntza eman digute, gure ahotsa zabaldu duten heinean, eta gero eta familia gehiago hurbildu zaizkigu. Komunikabideetan agertzen garen bakoitzean igartzen dugu familia gehiago hurbiltzen direla. Duela lauzpabost urte, familiak iristen zitzaizkigunean, denbora luzea zeramaten zer gertatzen zitzaien ulertu ezinik; orain, ordea, susmoren bat eduki eta gure berri izaten dutenean, denbora gutxian hurbiltzen dira. Gero, kasua baieztatu egingo da, ala ez; edo aurrerapausoak egingo dituzte, ala ez; baina lehenago etortzen dira, eta hazkundea oso handia da. Hortaz, gizartea prest zegoen, eta geuk ere asmatu dugu, nonbait. Elkartean, oso familia eredu ezberdinak daude, kulturalki, ekonomikoki, politikoki... Horregatik, gure gaiaren gaineko jarrera besterik ez agertzen saiatu behar izan gara, gure mezua aniztasunaren onarpenari buruzkoa baino ez dadin izan. Ondorioz, mezua ez da izan oso bortitza, elkarte barruko orekari eutsi behar izan diogulako, taldean oso iritzi ezberdinak daudelako. Hasiera-hasieratik izan dugu oso argi orain modan dagoen gauza bat: gure helburu nagusia elkar zaintzea da, familien arteko sarea osatzea, elkar zaintzeko. Hori beste edozeren aurretik jarri dugu beti, eta horrek, batzuetan, gure jarrera baldintzatu du. Baina emaitza ez da hain txarra izan...

Frantzian legerik ez dela esan duzu. Orduan, zailagoa da egoera Ipar Euskal Herrian?

Bai, hiru familia ditugu Hendaian, eta, aipatu eskolako arazoez gain, zerbitzu medikua jasotzeko Bordelera joan beharko lukete; hala ere, gauzak dauden bezala egonda, nahiago dute Gurutzetara etorri. Nafarroako bi familietan, berriz, ama frantsesa da, eta semeek nazionalitate bikoitza dutenez, lehendabizi Espainian egin dute erregistroko aldaketa, gero horrekin Frantzian saiatzeko, han askoz ere zailagoa delako. Askotan pentsatu izan dugu Ipar Euskal Herrian ere lanean hasi beharko genukeela, hemen egin genuen bezala, hedabideetara joz, baina lanez gainezka gaude hemen, eta ezin dugu.

Gizartearen onarpen hori errazago gertatu da umeak direlako?

Bai, zalantza barik. Orain arte, transexualitatearen inguruko pertzepzioa bazterkeriarekin eta irudi negatiboarekin lotu izan dugu, bizimodu hori pertsona transexualak hartutako erabakiaren ondorioa zela ulertzen zen. Alabaina, haurrak agertu direnean, bertan behera geratu da uste hori, eta horrek bidea erraztu digu. Pertsona transexual helduekin hitz egiten dugunean, elkartea agertu izana eskertzen digute, haiek ere ikusgai jarri ditugulako eta haien egoera beste modu batean ulertzeko esparrua zabaldu dugulako. Baina geuk ere eskertzen diegu haiei hain egoera zailean bidea zabaldu izana. Haiek hor daudelako egin ahal izan dugu guk geure bidea.

Arinago onartu da transexualitatea jendartean, homosexualitatearekin eta lesbianismoarekin alderatuta?

Ez, inolaz ere ez! Stonewalleko istiluak hasi zirenean, borrokaren buruan emakume transexualak egon ziren. Gero, 1990ean, homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kendu zuten; transexualitatea, aldiz, iaz. Pentsa, a zer atzerapena! LGTB mugimenduan, pertsona transexualak oso baztertuta sentitu izan dira: nahiz eta haiek hasi borrokan, lorpenak homosexualentzat bakarrik izan direla sentitu dute, nolabait. Transexualen bidea, hortaz, askoz ere luzeagoa izan da, eta zailagoa. Urte pilo bat gehiago itxaron behar izan dugu, eta, gainera, haurrak agertu arte. Ziurrenik, transexualek bidea homosexualekin batera egin izan balute, umeak lehenago agertuko ziren, baina ez zen horrela izan.

Naizenek harrera ona izan arren, badira bazterkeria kasuak ere, ezta?

Bai, aurrerapauso handiak eman ditugu, baina oraindik ere oztopo asko ditugu. Eskoletan, adibidez, badaude jazarpen kasuak, umeen artean, baita irakasleengandik ere, eta hori larriagoa da. Osasun arloan, berriz, oraindik ere patologiatzat hartzen dute kasu askotan, eta arazo asko izaten ditugu. Eta gizartean jarrera oro har positiboa bada ere, lehengoan esan zigun Nafarroako 12 urteko gaztetxo batek lagunekin parkean zegoela heldu bat etorri zitzaiola esanez alde egiteko, han ez zutelako transik nahi. Horrelakoak gertatzen dira eta, hain bortitzak izan gabe ere, aurrez aurre esan gabe, beste batzuetan isolatu ere egiten dituzte.

Beldurra ematen dizuete Voxenaren moduko jarrerek?

Horien atzean dagoenak ematen digu beldurra, azken finean gizartean dagoen zerbaiten isla direlako. Zein gaizki ari garen, horrelako ideologiek halako arrakasta izateko! Gure erantzuna da, eta bereziki nirea, sexologoa naizen aldetik, hezkuntza falta dela. Izan ere, legeak egin ditzakegu, edo zigorraren bidetik joan gaitezke, baina hezkuntza lantzen ez dugun bitartean, ezin izango dugu aurrera egin.

Hego Euskal Herriko zenbat familia batzen ditu gaur egun Naizenek?

150 familia inguru, baina ezin da kopuru zehatzik eman, hilabete batetik bestera igotzen delako. Gainera, badira hurbildu arren, elkartean inoiz sartuko ez diren familiak, beste jatorri batekoak edo beste kultur komunitate batekoak direlako. Batzuetan, amak argi ikusten du eta aitak gutxi gorabehea, baina ez dute euren komunitatearen babesik, eta oso zaila da eurentzat aurrerapausoak ematea. Hurbiltzen dira, zalantzak argitzera eta, nolabaiteko harremana dute gurekin, baina ez dira sartuko. Badira bakarrik etortzen diren gazteak ere, familiaren babesik ez dutelako (adibidez, gurasoak eliza ebanjelikoan dituzten batzuk); edota etxebizitza babestuetan bizi diren gazteei ere egiten diegu jarraipena eta laguntzen diegu hezitzaileei, baina horiek ere ez dira inoiz elkartean sartuko. Orduan, 150 familia gara gutxi gorabehera, baina inguruan beste jende asko dugu, eta laguntza berdin-berdin ematen diegu.

Nola heltzen dira elkartera familiaren babesik ez duten gazte horiek?

Asko, desesperatuta. Bakarrik etorrita, guk ezin ditugu artatu, adin txikikoak direlako, baina beste gazte trans batzuekin jartzen ditugu harremanetan, askatasun esparru txiki bat eduki dezaten, Whatsapp taldean sartu edo euren artean geratzeko, zalantzak argitzeko... Eta ez hori bakarrik. Baditugu inguruan oso familia irekiak, ezkerrekoak eta modernoak izan arren, egoera ikusi nahi ez dutenak. Eta nik egiten nuen akats berbera egiten dute: umeari esan nagusitan nahi duena izango dela. Haatik, kontua ez da nagusitan, ezta nahi izatea ere, dagoeneko badena ikustea baizik. Guraso horiek ez dute ikusten nor den benetan beren haurra, eta horrek azkenean sufrimendua dakar. Horrelakoak ikusten ditugu, baina guregana gerturatzen ez diren bitartean, gu ez gara haiengana hurbilduko. Batzuetan etortzen zaizkigu haurren amamak, irakasleak, izekoak... gurasoek ez dutelako ezer jakin nahi. Horrelakoak nahikotxo ezagutzen ditugu, baina denbora beharko dute, familia bakoitzak bere erritmoak ditu. Guk hor ezin dugu ezer egin, ezin gara hor sartu, bai baitakigu hori ez dela eraginkorra, ikusi nahi ez duenak ez duelako ikusten.

Zein dira elkartearen egungo erronka nagusiak?

Erronka handienetako bat EAEko 2012ko legea moldatzea da, oso zaharkitua geratu delako. Lanean jarraituko dugu alderdi politikoekin lege berria aurrera ateratzeko, gure seme-alaben eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren gauza asko ez daudelako idatzita oraingo legean. Eta horrekin lotuta, hobekuntza handia egin behar da oraindik osasun zerbitzuetan, Munduko Osasun Erakundeak transexualitatea patologien zerrendatik kendu arren, ez direlako behar diren urratsak egin.

2012ko legea aldatzeak zer onura ekarriko lieke haur transexualei?

Lege hori aitzindaria izan zen, eta horrexegatik geratu da zaharkitua. Nafarroan, 2017an egin zen legea, eta Transexualitate Legea ez bazen ere (Euskadikoa hala da), baizik eta LGTBri buruzkoa, oro har, gure eskaera guztiak jasotzea lortu genuen, eta oso pozik gaude. Hortaz, horren antzekoa nahi dugu EAErako ere. Haurren kontu asko sartu nahi ditugu, orduan adin txikikoak ez zirelako kontuan hartu. Lege horren garapenak aldaketak ekarriko ditu, adibidez, hezkuntzan. Curriculumean, gaia maila guztietan txertatzea nahi dugu, ez haurren mailetan bakarrik. Izan ere, gaur egun, transexualitatea ez da lantzen ez irakasle eskolan ez psikologia ikasketetan ez gizarte hezitzaileenetan ez inolako gradutan. Orduan, adin txikikoekin lan egin behar duten profesionalek ez badute ikasi, nola jakingo dute bidelagun izaten? Guk ikusten dugu gaia haur hezkuntzan lantzen denean, gelan haurren bat dagoelako edo, naturaltasun osoz onartzen dutela umeek. Zenbat eta beranduago heldu gaiari, orduan eta arazo gehiago. Bestetik, osasun arloan, gure haurrek oraindik ere psikiatria zerbitzura joan behar dute. Aurrerapauso handia egin zen Ekai Lersundi hil ostean, psikiatrarenera egin beharreko bisitak, endokrinoarekin bildu aurretik, bakarrera mugatu zirelako. Baina badu zentzurik, beste edozeinek hartzen dituen tratamendu berak hartzeko, gure haurrek nahitaez psikiatrarekin hitz egin behar izateak? Ez du esan, bada, Munduko Osasun Erakundeak jada ez dela buruko gaitza! Eta buruko gaitzen bat baztertu behar badute, jar dezatela profesional “transpositibo” bat, behintzat, psikologoa edo gizarte hezitzailea edo bestelako profesional bat, baina ez psikiatra. Gure ustez, egokiena sexologoa izango litzateke. Hala ere, nahiz eta gauza hauek guztiak legean aipatu, badakigu legearen garapenak lanketa beharko duela, eta borroka latza izango dela. Izan ere, asko aipatzen da Eliza, baina estamentu medikua askoz ere zailagoa eta okerragoa da.

Zein izaten dira psikiatraren kontsultatik igaro osteko urratsak?

Berez, txikiak ez dira joaten genero unitateetara; tira, helduak ere ez, nahi ez badute. Unitate horietara jotzen dute hormona tratamendua nahi dutenek, eta umeek ez dute behar pubertarora arte. Orduan joango dira, baina aldaketaren bat egin nahi badute, bestela ez. Burutik kendu beharra dugu mundu guztiak nahi duela tratamendua, eta argi eduki behar dugu umeekin pubertarora arte ez dela ezer egiten. Orduan, tratamendua nahi izanez gero, psikiatriarenera joan beharko dute, edozertan hasi aurretik. Memento horretan, badute aukera inhibitzaileak edo blokeatzaileak hartzeko. Ohiko botikak dira, pubertaro goiztiarra duten gazteek hartzen dituzten berak. Tratamenduak ezin du luzea izan, hezurretan arazoak sor daitezkeelako (osteoporosia, kasu), baina epe motzean ez dute arazorik eragiten, eta hartzeari utzitakoan gorputzak bere bidea jarraitzen du. Gure haurrek, ondoren, nahi izanez gero, hormona tratamendu gurutzatua hartzen dute, gorputzak pubertaroan kontrako zentzuan joka dezan. Hau da, obarioak dituzten mutilek testosterona hartzen dute; neskek, aldiz, estrogenoak. Tratamendu hauek ez dira bereziki prestatu pertsona transexualentzat, beste populazio talde batzuetan ere ohiko tratamenduak dira, baina gure haurrek psikiatriarekin bildu behar dute. Tratamendua hasteko adina norbere garapenaren araberakoa da, baina 18 urte bete aurretik ezin da ebakuntzarik egin. Hala ere, ikusten ari gara transexualitatea txikitan onartutako umeen kasuan, ez dutenez ukazioa sufritu, ez dutela horrenbeste jotzen ebakuntzara: badakite zakila duten neskak eta alua duten mutilak daudela, eta ez dute hainbesteko arazorik beren genitalekin. Ebakuntzak interes handiagoa pizten du aldaketa geroago egin dutenen artean.

Naizenek badu jarrera jakinik tratamenduen edota kirurgiaren alde edo kontra?

Ez. Familien artean, denetik dago. Batzuek ebakuntza nahi dute, beste batzuek ez... Guk umeei norbere gorputza maitatzen irakasten diegu, eta gero, bakoitzak hartzen duen erabakia hartzen duela, babestu egiten dugu, eta laguntza ematen diegu. Zerbitzu medikuen jarrera errespetuzkoa izatea eskatzen dugu, noski. Gure mezu orokorra da nork bere burua maitatu behar duela, baina hipokritak ere ezin gara izan. Nik ile urdinak tindatzen baditut, zelan esango diot 15 urteko neska bati bizarra uzteko? Jakinaren gainean, gainera, emakume transexualen artean, trans direla igartzen bazaie, langabezia tasa oso handia dela, kalean begiratu egiten dietela, bikote harremanetan zaitasunak dituztela... Gure mezua da diren bezala zoragarriak direla, ez dagoela okerreko gorputzik; halere, hartzen dituzten erabakietan lagundu egin behar diegu, haien ondoan egon behar dugu ondo pentsa dezaten zer egin nahi duten, hartzen duten bidea errespetuzkoa eta segurua izan dadin. Guk bermatu behar dugu osasun zerbitzuetara jotzen duenak errespetuzko tratua jasoko duela, eta dena egingo dela modu transpositiboan, baina gure helburua ez da denak hara joatea, ezta inor ez joatea ere, baizik eta aukerak zabaltzea. Nik beti esaten diet, dena den, hormonek eta ebakuntzek ez dutela dena konponduko, lanketa psikologikoa ere egin beharra dagoela, ondo sentitzeko. Haientzat oso garrantzitsua da ingurukoek nola ikusten dituzten; ingurukoek haien benetako nortasuna zalantzan ez jartzeak asko errazten die bidea.

Arazoak arazo, egin daiteke balorazio positiborik?

Bada, duela bost urte pentsaezina zen zakila duten neskak eta alua duten mutilak existitzea, baina kontu hori gaur egun, pentsagarria izateaz gain, errealitate bihurtu dugu. Jende guztiak daki hori, mundu guztiak entzun du, gero eta familia gehiago hurbiltzen da guregana eta gero eta sufrimendu gutxiago dago haurren artean, gai hau pentsagarri bihurtu dugulako.

Kolkotik

Biharko egunkariak irakurri nahiko zenukeen albistea?

Alderantziz, irakurri nahi ez dudana: gazte transexual batek bere buruaz beste egin du.

Zapatu gau baterako plan onena?

Parranda lagunekin edo mahai jokoak familiarekin. Bizimodu bikoitza daramat.

Opari egiteko liburu bat?

Neskak eta mutilak, Aingeru Mayor eta Susana Monteagudorena.

Zein kontzertutara gonbidatuko zenuke lagun bat?

Kai Etxanizen kontzertu batera. Kai abeslari nafarra da, gizon transexuala eta Naizenen laguna. Sorpresa bat prestatzen ari gara harekin.

Zaletasun bat?

Mendia.

Zer moduz konpontzen zara sukaldean?

Oso gaizki! Neba sukaldaria da, baina nik gorroto dut.

Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan?

Desastrea naiz... Umeak behin esan zidan: “Ama, ez dago ezer! Laster pobreak izango gara!”.

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?

Nire helduaroaz kontzientzia hartzen hasi naiz, eta nahiko ondo daramat. Horixe ikusten dut.

Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?

Lasaiago ikusi nahiko nuke, kar-kar!

Zein da heroia zuretzat?

Zalantza barik, haur eta gazte transexualak. Gizartean hainerrotuta dagoen egitura baten aurkako borrokan dihardutelako, askotan baita gurasoen aurka ere, beren burua ikusarazteko eta benetan direna izan ahal izateko.

Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?

Telebistan dekorazio saioak ikusi, kar-kar!

Zerk ematen dizu beldurra?

Ez naiz oso beldurtia, bizitzak erakutsi dit edozein arazoren aurrean topatuko dudala bidea; zerbait esatekotan, baina, semeen sufrimenduak.

Zerk alaitzen dizu eguna?

Edozein mezu positibok, eta ingurukoak, baita ezezagunak ere, ondo ikusteak.

Zerk eragiten dizu negar?

Ingurukoen sufrimendua ikusi eta ezer egin ezin izateak.

Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?

Jendeak besteak epaitzeak.

Zerk ematen dizu lotsa?

Abesteak! Oso txarra naiz abesten, kar-kar!

Bizitzako plazer txiki bat?

Gosaria. Une lasaia da, eta jaten asko disfrutatzen dudanez...

Zer jaten duzu?

Kiwia, ogia ahuakatea, liho haziak eta piper beltzarekin, eta te beltza.

Zer da arrakasta zuretzat?

Norbere buruarekin pozik egotea.

Bi arrazoi euskara ikasteko?

Batetik, euskara ikastean mundua zabaltzen zaizula, eta aukera gehiagorekin zeure burua kokatzeko erraztasun handiagoa izango duzula. Bestetik, gure sustraiengatik, iragana garrantzitsua delako.

Labur esanda, nolakoa da Bea Sever?

Pertsona positiboa naiz, edo saiatzen naiz izaten, behintzat.