Uste nuen Goya irabaztea ezinezkoa izango zela

arinIñaki Madariaga Gil
Irudi digitalen egilea

Autodidakta, hogeita hamar urtetik gorako eskarmentua du Madariagak (Barakaldo, 1966) ofizioan: animazioa, batez ere 3Dn; bideo-jokoak (diseinua eta abar); publizitatea (logoak, moldaketa digitala...); simulazioak; eta VFX edo efektu digitalak. Hain zuzen, efektu berezi onenen Goya saria irabazi du aurten, Mario Campoyrekin batera, El Hoyo filmean egindako lanarengatik. Sariarekin “oso pozik” agertu da. Lehendik ere bazuen beste Goya sari bat, Megasonikoak (1997) animazio lanarengatik jasoa. Meatzaldeko AEKn euskara ikasten ari da.

1998koak eta oraingoak, ilusio bera?
Bai. Oso desberdinak izan dira. Lehenengoan, 30 urte nituen, eta txoriburua nintzen. Arraroa zen: Europako lehen filma 3Dn; lau pertsonen artean egina; irudi bakoitza neuk egin nuen, urte eta erdian... Orain, horretan pentsatzean, “Hau astakeria!” esaten dut. Internetik gabeko garaia zen... Orain gauzak desberdinak dira.  El Hoyorekin beste bi sari irabaziak nituen, Sitgeseko jaialdian eta Gaudi sarietan. Halere, uste nuen Goya irabaztea ezinezkoa izango zela, beraz, ustekabe handia izan zen.
Eskolan, apaizek esaten zizuten ez zinela urrutira ailegatuko.
Bizitzan, pertsona bereziak beti ditugu gogoan: familia, filmeko lagunak... Baina badira beste hainbat pertsona garrantzitsu ere, beti “ez duzu lortuko” esaten dutenak, adibidez. Halakoak, niretzat, oso motibagarriak dira: “Nola ezetz?" esan ohi diot neure buruari. Apaiz guztiak ez ziren berdinak, baina askotan esaten zuten “Ez zara urrutira ailegatuko”. Beste apaiz batzuei, aldiz, asko gustatzen zitzaizkien nire marrazkiak.
Zuen ofiziokoak, engainuaren artistak?
Zineman, nire lana beti izaten da ezabatzea, estaltzea, ezkutatzea, aldatzea... Bai, politikariek bezala, kar-kar!
Efektu onen sekretua, ez nabaritzea?
Efektu bisualak desberdinak dira film bakoitzean. Adibidez, Star Wars egiten bazabiltza, diseinu futuristak-eta dira garrantzitsuenak. Baina film “normala” egiten ari bazara, agerikoak izaten dira. Errealitatean jarri behar dugu arreta, eta errealitatearekin parekatzea garrantzitsua da. Beti esaten da: “Ez baduzu ikusten, ondo egin duzu”.
Ibilbide luzea, baina publikoak ez zaitu ezagutzen. Teknikarientzat, glamourrik ez?
Glamourra eta zinema beti daude lotuta, baina zinema munduaren barruan ez da hala izaten. Nire kasuan,  gaupasak normalak dira, batez ere publizitatean. Postprodukzioan, beti ibiltzen gara epez kanpo. Filmetan ere, gauza bera. Muntaketak jaten du denbora, eta nire lana ondoren dator. Hala, gaupasak, askotan.
Urteotan, asko aldatu al da lanbidea?
Nire lana aldatu da. Makinak azkarragoak dira, eta moldaketa eta animazioaren softwarea gero eta hobeak dira, baita errazagoak ere. Lan dibertigarria da niretzat; adibidez, El Hoyorako nire lehen kaka digitala egin nuen, kar-kar!
Euskarazko animazioan aurrekontu txikiak izatea, gaitz endemikoa?
Euskal animazioa oso berezia da. Ibilbide handia dauka. Aurrekontuak txikiak dira, baina, makinak ez dira hain garestiak, eta profesional asko daude. Nik beti ikusten dut arazo bera: produkzioak oso lokalak dira, eta ez dago merkatu nahikorik errentagarriak izateko. 

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Denbora edukitzeak.
Eta tristatu? Injustiziak.
Zerk eragiten dizu barrea? Beti nabil barrezka.
Eta negarra? Gauza pertsonalek.
Zerk haserrearazten zaitu? Sentimendu txarreko jendeak.
Bizio bat: ordenagailuak, robotika, 3D inpresioa, marraztea... Horiek bizioak al dira?
Zer izan nahi zenuen txikitan? Paleontologoa, baina gero ordenagailuak ezagutu nituen!
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Sistemen informatikaria.
Film bat: Airplane!
Animaziozko film bat: Toy Story.
Zein film gustatuko litzaizuke egitea? Buruan daukat.
Zure lanean erreferente bat: Industrial Light&Magik estudioa.

Eñaut Mitxelena