Lehengo dendak, oraingo arazoak

Ez dira betiko garai onenak denda txiki eta tradizionalentzat. Estatistiketara jo gabe ere, nahikoa da edozein herritako kaleetan ibiltzea denda txikiek bizi duten egoeraz jabetzeko: denda itxiak nonahi, eta denda mota gero eta berdintsuagoa. Urte gutxiren buruan, asko aldatu dira jendearen kontsumo ohiturak, eta kinka larrian jarri dute makina bat negozio. Nork bere buruari norberaren erosketa ohiturei buruz galdetuta ere, antzeman daitezke beherakada horren arrastoak, eta dendariek nahiko ongi identifikatuak dituzte: Interneten eragina bai salmentetan bai jendearen ohituretan, saltoki handien hedapena, marka handien denden zabalkundea, turismoak bultzatuta lokal askoren prezioen gorakada... Dendari askoren buruhauste bilakatu diren arrazoi ugari. Jakina, badira ekaitzari hobeto aurre egin diotenak, bada zabuka bada ere eusten dionik, baina azkenaldiko enbatek hondoratuak ez dira gutxi. Ez dira gutxi, halaber, denda txikien galerak hiri eta herrietan eragiten duen kalteaz ohartarazten duten ahotsak, kaleari bizitza ematen baitiote dendek, azken batean. Bada, hain zuzen denda tradizionalen garrantziaz aritu zaizkigu orrialde hauetako protagonistak, zein bere dendako salmahaien atzetik lanean aritzen direnak. Eñaut Mitxelena, Esti Lanao, M. Egimendi.

labores

“Merkataritzarik gabe, hiriak nortasuna, kaleko bizitza eta poztasuna galduko ditu”

1903tik dago zabalik Donostiako Eskulanen Etxea. 2006 aldera, Ines, Gotzone eta Marga Matxiarena Aldalur ahizpek hartu zuten dendaren ardura; denda ireki zutenetik, laugarren belaunaldia da. Ezkor mintzo dira negozioaren geroaz, beherantz doalako.

Ahizpen amonaren aitak eta izebek zabaldu zuten Laboreen Etxea. Tarte labur batez Narrika kalean egon ostean, 1905ean ireki zuten egun dagoen tokian, Elkano kalean. Sorreratik egon da josketari lotua: artileak, hariak, mertzeriako produktuak... Egun, dendak hartzen du lokalaren zatirik handiena, baina atzealdean areto txiki bat du, non joste tailerrak eskaintzen dituzten. “Lehen, denda txikia zen, eta gainerakoa tailerra. Hasieran, emakumeak etortzen ziren arreoa prestatzera” azaldu du Inesek. Egun, joste tailerrak egiten dituzte berriro, orain arreo konturik egon ez arren.
Garai haietan bezeroek egiten zituztenez hizketan hasi dira dendaren gainbeheraren arrazoiak aletzen. “Mahai-zapiak, maindireak, parpailak... desagertzen ari dira, jada ez dira ez erabiltzen ez egiten” dio Gotzonek. Salgaiak bezala, kontsumitzeko modua aldatu egin dela diote. “Erosteko eta saltzeko moduak” gehitu du Margak: “Lehen, bestelakoak ziren salmentak: gauza gehiago, salgai garrantzitsuagoak... Orain, ordea, txikikeriak saltzen dira, baina horretarako ere denbora pila bat eman behar duzu”.
Azken urteetan sortutako lehiakideen eragina ere nabaritu dute: orotariko gauza merkeak saltzen dituzten dendak. “Denetik dute, eta askoz merkeago. Josten eta ez dakienak gauza txikiren bat behar badu, txinatarrei erosten die”. Hala, lehiakide handiak dira, “Interneten antzera”. Haiek ere saltzen dute Internet bidez, “baina ezinezkoa da, sekulako lana emaitza txikia lortzeko".
Erosteko ohituretan izandako aldaketak aipatzean, adibideak bata bestearen atzetik bota dituzte: “Erosi eta bota filosofiaren hedapena" esaterako, “Inauteriak onak izaten ziren guretzat, ilarak izaten genituen. Orain, aldiz, jendeak mozorroak eginak erosten ditu, eta norberak josteko gauzak gero eta gutxiago”, gehitu du Gotzonek.  Beste adibide bat: “dendetan erosten dutenek ere Interneteko abantailekin egin nahi dute: zerbait erostekotan, berehala jaso nahi dute. Presaz bizi gara, eta hori ere nabari da”.
Erosteko moduak bezalaxe aldatu zaizkie bezeroak. Inesek dioenez, “gure betiko bezeroak desagertzen ari dira, batez ere adineko emakumeak direlako. Jende gaztea ere badator, baina gutxi. Gainera, asko modagatik etortzen dira, ez dira finkoak. Garai batekoak finkoak ziren oso, fidelak”. Margaren arabera, “bezeroen artean, jostunak ere pila bat ziren. Egun, aldiz, ia ez dago”.
Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorritakoak ere “oso bezero finak izan dira”.  Halere, Margak nabarmendu duenez: “lehen, jendea Donostiara etortzen zenean, eguna baliatzen zuen erosketak egin eta Alde Zaharrean pintxo batzuk jateko, paseatzeko... Orain, baina, ezin da: aparkalekua, dena garesti... Donostia zer bihurtzen ari den mingarria da guretzat. Denda asko itxi egin dira, donostiar asko auzoetara joan da...”. Hirian indarrean den turismo ereduaz kexu dira. “Gu ez gara turismotik bizi, ez digu eragiten, txarrerako, agian...".
Oso haserre daude eredu horri, hain zuzen, bultzada eman dioten erakundeekin, batez ere Donostiako Udalarekin. Hiriko merkataritzaren egoera larria dela jakinik ere, Udalak ez die inolako laguntzarik eman. “2020ko egutegian, gure denda atera du; horixe besterik ez du egin". Izan ere, Udalak hiriko dendei eskaini die aurten bere egutegia, baina “egutegian dauden bi denda dagoeneko itxita daude. Gure aurpegira barre egitea da hori". 
Panorama ikusita, merkataritza tradizionala pikutara doala uste dute hirurek, “dudarik gabe”. Gotzonek ez dio irtenbiderik ikusten egoerari, ezpada “utopia: jendeak txipa aldatzea”. Inesek erakundeen ardura azpimarratu du: “Merkataritza tradizionala babestu dezakete, ondare moduan, eta ez zergaz josi, edo horiek zertxobait leundu, behintzat”.
Argi dute merkataritza txikia desagertuta hiriak “nortasuna” galduko duela, “eta kaleko bizitza eta poztasuna ere bai”. Nolanahi ere, baikortasunari tartetxo bat egin diote. Joste tailerrek ongi funtzionatzen dute. Inesek azaldu duenez, “hau garai batean izan zena izan beharko litzateke berriz: denda txikiagoa eta tailerra handiagoa. Horrela, izango dugu nola eutsi: denda txikia, eta prestakuntza gehiago eskainita. Hor badago zirrikitu bat”.

jakintza


“Ez didate denda eskualdatzeko aukerarik eman, eta horrek izugarri mindu nau”

Hiru hamarkadaz baino apur bat gehiagoz egon da Begoña Knörr Barandiaran (Gasteiz, 1954) liburuetan murgilduta. Orain, alokairua eten diote, eta Jakintza liburu denda itxi behar izan du, martxoan.

Azkenaldian, aspaldiko denda asko ari dira ateak ixten Gasteizen. Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari da, eta berezko xarma izan duten gero eta denda gehiago desagertzen ari da hirian. Azken hilabetean, Jakintza liburu dendaren txanda izan da, 30 urte baino gehiago irekita eman ostean. Begoña Knörrek hartu zuen, 80ko hamarkadaren amaieran, denda txiki honen ardura, eta aurtengo martxoan agur esan behar dio.
Kordobatik jaso zuen, duela urtebete, alokairua etengo ziotela eta liburu denda itxi beharko zuela jakinarazteko abisua burofax baten bidez. Hango abokatu bulego bat izan zen igorlea, eta 2019ko martxoaren 30erako lokala hutsik eta garbi utzi behar zuela esan zion, besterik ez: “Gabonak amaitu bitartean, bi hilabete eta erdi nituen dena husteko, eta ezinezkoa zen”. Horregatik, mintzaide baten laguntza eskatu zuen, baina ukatu egin zioten: “Inor ez da nirekin harremanetan jarri; dei bakar bat ere ez. Orduan, hirugarren pertsona baten bidez, dokumentu bat bidali zidaten, eta nik sinatu egin nuen”. Dokumentu horren arabera, lokala uzteko epea aldatu zioten, handik urtebetera utziko zuela hitzeman behar zuen.
Epea agortu denez, hemendik aurrera ez dira liburu gehiago salduko lokal txiki horretan. Gasteizko kultur arlorako kolpe handia izan da, eta Knörrek argi dauka: “Bi gauza nabarmendu nahi nituzke hemendik: alde batetik, itxiera honek aniztasun galera eragingo duela; bestetik, ez dugula kontuan hartzen nori erosten diogun”. Denda mota hauek liburuzainak eskaintzen duena ematen dute, harremana dago saltzailearen eta eroslearen artean: “Liburu denda txiki bat informazioa eta ezagutza trukatzeko gunea da. Asko ikasten duzu”. Alabaina, azken hamarkadetan kontsumitzeko modua asko aldatu da, eta berehalakotasuna eta erosotasuna gailendu dira. Hori dela eta, gero eta gutxiagotan joaten gara denda txikietara, ez fisikoki, behintzat.
Dena den, ez da soilik salerosketa kontua. Jakintza liburu dendan, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak antolatu izan dituzte, besteak beste, eta hori ere oroitzapen bihurtuko da: “Denda itxita, idazle eta irakurleen arteko topaketa hori ere galdu egingo da, eta oso tristea da; izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait elkartzeko eremu hauek ez galtzea, pentsarazi egiten dizutelako eta, ondorioz, zure iritzia osatzen duzulako”. Baina ez hori bakarrik; Knörren ustez, topaketa eder baino ederragoak ere egin izan dituzte, “sentimenduak eragiten dituztenak, eta horrek bai zeure burua bai etortzen dena elikatzen ditu".
Aldaketa sakona izango da Begoñaren bizitzan dendara ez itzultzea. Bazekien noiz edo noiz erretiroa hartu beharko zuela, bidea amaituko zuela, baina oraingoz ez zuen asmorik. “Ez, bederen, honela, bat-batean. Egin nezakeen astiroago, baina ez didate eskualdatzeko aukerarik ere eman, eta horrek izugarri mindu nau” dio. Knörr ziur dago beste pertsonaren bat prest agertuko zela dendarekin aurrera jarraitzeko.
Goibeltasunez begiratzen dio liburuzainak etorkizunari, lokal txikien gizatasun puntua galdu egingo dela uste baitu: “Bata bestearengandik gero eta banatuago gaude; gauzak gure etxeko erosotasunean egiten ditugu, eta desagertzen ari da establezimendu txiki batera joan eta konfiantzazko elkarrizketa bat izatea". Gauza txikiak dira, detaileak, baina pertsonen arteko sarea sortzen dutela irizten dio.
Sare horri esker, hain zuzen, Begoñak lagun asko egin eta mantendu ditu urteek aurrera egin ahala, eta haiek izango dira azken eguneko ospakizuneko gonbidatu bereziak. “Gasteizera iritsi nintzenean, ez nuen inor ezagutzen; hori izan da dendak eman didan gauzetako bat, eta ez da gutxi”. Horregatik, agurra egin beharrean, ospakizuna antolatzea erabaki du dendaren jabeak: “Ez dut ospatuko joan egin behar naizela, baizik eta 31 urte hauetan kaleak eman didan bizia; asko eskertzen dut hori, batez ere".


ruiz“Bezeroari gomendioak emateko, zer saltzen ari zaren jakin behar duzu”

Vinos y Licores Ruiz dendak 77 urte beteko ditu aurten. 1943an ireki zuen Rafa Ruizen (Bilbo, 1977) aitonak, Bilboko Hernani kalean. Hasieran janari denda izan zena Rafaren aitak hartu zuen oinordetzaz, eta orain ardoak, pattarrak eta garagardoak saltzen dira bertan.

Dendan gurasoei laguntzen hasi zen Ruiz, baina haiek erretiroa hartu zutenetik, bakarrik darama negozioa. Halere, lan handiko egunetan, amak pixka bat laguntzen dio, denda zaintzen eta. Ez zuen derrigorrean hartu: “Hemen hazi naiz, eta beti gustatu izan zait mundu hau. Umetan, oporretan ere askotan joaten ginen bodegak bisitatzera”.
Ruizek berak eramaten du edaria bezero dituen inguruko tabernetara, eta, oporretarako, abuztuaren bigarren hamabostaldian bakarrik ixten du denda, tabernak jaietarako ondo hornitu ostean. Gaixotuz gero, berriz, badu asegurua, “baina apendize ebakuntza egin zidatenean, lehengusua kontratatu arren laguntzeko, ahalik eta azkarrena itzuli nintzen dendara”. Izan ere, “honek neure soldata ateratzeko eta ordainketak egiteko baino ez du ematen, familia bat aurrera ateratzeko adina, alegia”.
Gainera, ez da erraza ordezkoa bilatzea, bezeroek askotan eskatzen diotelako aholku Ruizi edaria aukeratzerakoan: “Horixe da, azken batean, denda txikiok egin behar duguna, supermerkatuetan aurkitzen ez dena”. Aholku horiek eman ahal izateko, Ruizek salgai dituen ardo guzti-guztiak probatu ditu: “Batzuetan, bodega eta azoketako dastaketetara joanda; beste batzuetan, hornitzaileek uzten dizkidatenak etxean dastatuta. Bezeroari gomendioa emateko, zer saltzen ari zaren jakin behar duzu”.
Aitak ardoak eta pattarrak baino ez zituen saltzen, baina Rafak inportazioko garagardoak ere eskaintzen ditu: “Badaukat bertoko bakarren bat, turistek hemengo garagardoa eskatzen dutenean zerbait eskaini behar zaielako; dena den, ohiko bezeroek inportaziokoa eskatzen dute gehien”. Beste berritasun bat eskaintza zabaltzea izan da: “Calisay eta halako edari zaharrak baztertu gabe, baten bat saltzen delako oraindik, aitak baino askoz ere ardo eta pattar gehiago dauzkat”. Horrez gain, Interneterako jauzia egin du, denda merkatarien webgunean jarrita, baina oraingoz ez da salmenta mota horrekin hasi: “Bidalketak errespetua ematen dit, noizbait botilaren bat apurtzea tokatu zaidalako. Iaz, kasu, Andaluziara oparitarako bidalitako botilatzar bat puskatu egin zen bidean, eta oso zaila izan zen beste bat garaiz aurkitzea”. Turistak ere baditu bezeroen artean. Inguruan hostel bat eta hainbat etxebizitza turistiko dagoenez, turistek dendarekin topo egiten dute Zazpikaleetara jaistean, eta argazkiak ateratzeko gelditzen dira: “Europan, nonbait, ez daude ohituta horrenbeste salgai bistan (800-1.000 botila) duten dendak ikustera. Gero, tabernetan txakolina probatzen dutenez, hona etortzen dira botilak erostera. Patxarana ere erosten dute, bertoko pattarra delako”.
Horrelako denda bati eusteko gakoa, Ruizen ustez, “bezeroari eskaintzen zaion arreta” da: “Ondo tratatu, zerbitzu ona eskaini eta produktu ona emanez gero, jendea berriz etorriko da”. Lokala familiarena izateak ere lagundu duela aitortzen du: “Alokairuak dira denden arazorik handienetakoa, asko ixten dira horregatik. Halere, hau amarena da, eta ondo portatzen da nirekin” dio irribarrez. Erretiroa bertan hartzeko itxaropena du: “Dendak 101 edo 102 urte beteko ditu orduan; beraz, urtemuga horren ostean espero dut hartzea erretiroa”. Alabaina, ez daki familiaren eskuetan jarraituko duen: “Arreba Andorran bizi da, eta nik, oraingoz, ez dut seme-alabarik…”.
Ruizek argi du denda txikiak zaindu egin behar direla: ”Pixka bat garestiagoak izan arren, emango dizuten zerbitzua askoz ere hobea izango da, eta gauza bat bestearekin konpentsatzen da. Gainera, denoi gustatzen zaigu kalean lokalak irekita ikustea, edo arazoren bat izan eta non sartu edukitzea”. Erakundeek babesten ei dituzte neurri batean, “dirulaguntzaren bat edo beste emanda, baina ekimen guztiek ez dute denda guztietarako balio, eta hori ere kontuan izan behar da”.