Asier Asian txiribueltaka

asier

AEK-ko kide Asier Arroita Asia aldean dabil, aspaldiko ametsa betetzen: bidaia luzea egitea, presa barik, bizikletaz bidaiatzeko esperientziaz gozatzeko. Asmoa zen hegaldi bakar batean ahalik eta gehiena urruntzea, gero bizikletaz itzultzeko. Hala, Hong Kongera joan zen iazko irailean, eta handik ekin zion etxerako bideari. Urtebeterako irten zenez, bidaiaren erdi aldean harrapatu dugu, zelan dabilen jakiteko, baina www.txiribuelta.eus webgunean ere jasotzen dugu lagunaren abenturen berri. M. Egimendi. Argazkiak: Asier Arroita.

Ia erdira iritsita, zelan? Damutu zara inoiz?
Denbora asko behar izan dut amets hau betetzeko, eta, gorabehera batzuk izan arren, oso pozik nago; neurri batean, harro ere bai. Damutu naiz une txiki batzuetan, batez ere hasieran: horrenbeste kilometro, horrenbeste pisu, beroa... Buruak gehiago ezin duenean, berehala bilatzen du atzera egiteko aitzakia, eguneroko babesera itzultzekoa, baina une txar horiek laburrak izaten dira, berehala desagertzen dira. Badakit aurrerantzean ere izango ditudala, baina gero eta gutxiago.
Eta hemendik aurrera, zer?
Orain, Nepal ekialdetik mendebaldera zeharkatzen nabil. Ondoren, Kaxmir eta Pakistango Pamir ibilbidea etorriko dira. Gero, auskalo! Leku batzuk nahiko gatazkatsuak dira, eta egoera politikoa etengabe aldatzen den mundu honetan batek daki zer gertatuko den hilabete gutxi barru... Iran zeharkatzeko asmoa dut, nahiz eta gerturatu ahala informazio gehiago bilatu beharko dudan (beste zikloturista batzuen oraingo esperientziak, mugetatik gertu bizi diren herritarrenak...), benetan jakiteko zer gertatzen ari den, mass-media handietatik pixka bat deskonektatuta. Iran zeharkatutakoan, hainbat aukera daude: Arabiar Emirerrietatik Omanera, eta gero Saudi Arabiara; edo Turkiatik, Ekialdeko Europako hegoaldetik; edo Azerbaijanetik Georgia aldera... Kilometro asko falta dira oraindik!
Bidaia bakarrik hasi bazenuen ere, lagun batekin zabiltza orain. Horrela errazagoa da?
Ezberdina da, baina bietara gustatzen zait. Bakarrik zoazenean, zalantzak handiagoak dira, baina zuk zeuk erabakitzen duzu dena, ez duzu inorekin adostu beharrik. Lagunduta, aldiz, beti daukazu babes handiagoa eta eguneko abenturak norbaitekin partekatzeko tartea. Horixe izan da, agian, bakarrik egon naizenean gehien falta izan dudana: bitxikeriaren bat gertatu, eta jokaldia norekin komentatu ez edukitzea!
Zein izan da probatu duzun janaririk txarrena?
Harrak, duda barik. Laoseko iparraldean, herriko umeek ekarri zizkidaten kanpin dendara. Eskuko atzamarrak bezain handiak ziren, egosiak, eta murtxikatzean tripaki guztiek eztanda egiten zuten ahoan. Bigarrena, oso gertutik, txerrikien tripakiak... ez zeuden oso garbi.
Eta goxoena?
Asko, baina baliteke Thailandiako arto entsalada izatea goxoena, Bangladeshen askotan probatutako dhoilarekin (ahuntz esnez egindako postrea) batera.
Orain arte bisitatu dituzun herrialdeen artean, zein gustatu zaizu gehien ?
Myanmar. Herrialde polita eta jendea ikaragarri jatorra, abegitsua eta alaia. Beti daude irribarrea ezpainetan! Bizikletaz ibiltzeko segurua, lasaia.
Eta gutxien?
Bangladesh. Zikina, erabat kutsatua eta errepide arriskutsuekin. Ez da oporrak igarotzeko modukoa, nahiz eta jendea ikaragarria izan, bizia oso.
Gogoan duzun unerik txarrena?
Hong Kongen, lehenengo mendatea igotzen hasi nintzelarik, gaizki atera ahal zen guztia gaizki atera zitzaidanean. Malkoak ere ez ziren gutxi izan... Etxetik gertu egon izan banintz, itzuli egingo nintzen, seguru. Eskerrak milaka kilometrora nengoen!
Euskal Herriko zeren edo noren falta sumatzen duzu gehien?
Ohiko erantzuna den arren, familia eta lagunak, jakina. Familiarekin egon ahal izatea eta lagunekin trago batzuk hartzea. Hemen ez dago tabernarik!
Pentsatuta daukazu etxera itzulitakoan zer egingo duzun aurrena?
Ez, baina imajinatzen dut denboraldi batez bizikleta aparkatu egingo dudala, amari besarkada erraldoia eman ostean, jakina! Izan ere, hura da nire webgunearen zalerik amorratuena! Nahiz eta erdalduna izan, hortxe ditu etxekoak itzulpena egiteko.