ORGGGGG, ez ito prezio gorakadan

org

Azkenaldian, urak ez datoz batere bare .org domeinuan. Domeinu historikoetako bat denak (1985. urteaz geroztik dago martxan, .com, .gov, .mil eta .edu-rekin batera) aldaketa nabarmenak izan ditu. Manex Garaio.Creative Commons sarean.eus-etik hartua eta moldatua.

.org domeinuaren helburua da irabazi asmorik gabeko erakundeen webguneak bertan edukitzea, eta, neurri handi batean, horrela izan da ia 35 urtez. Adibide ezagunenen artean, wikipedia.org edota ICANN erakundearen (Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioa, domeinuen mundua arautzen duena) webgunea, icann.org, topa ditzakegu. Bitxikeria bat aipatzearren, .eus domeinua abiatu aurretik, AIZU!ren webguneak .org amaiera zuen.
Orain arte, .org Internet Society-k sortutako PIR (Public Interest Registry) erakundeak kudeatu izan du. Internet Society irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta Interneteko hainbat arlo hobetzeko lan egiten du, erabiltzaile guztiontzako Internet eskuragarriagoa egitea helburu: sareko estandarrak, hezkuntza, araudiak, etab. PIRek, ordainetan, .org domeinuaren erregistro eta berritzeekin bildutako diruaren kopuru bat Internet Society erakundeari ematen zion, urtean 50 milioi dolar inguru.
Artikuluaren hasieran aipatutako baretasunik eza domeinuaren prezioak sortu du. Irabazi asmorik gabeko erakundeetarako eskuragarria zela ziurtatzeko, ICANNen eta PIRen arteko kontratuan zehazten zen .org domeinuaren prezioa ezin zela urtero % 10 baino gehiago igo. Bada, ekainaren 30ean, prezio muga hori bertan behera utzi zen, erakunde biek akordioa egin ostean. Ondorioz, orain edozein prezio jar diezaiokete domeinuari.
Aldaketa hori nahikoa ez balitz bezala, iazko azaroan Internet Societyk Ethos Capital izeneko inbertsio enpresa bati saldu zion PIR, 1,135 bilioi dolarrean. Hala, Internet Societyk bere jarduna luzaroan finantzatzeko bide egonkorra lortu du salerosketarekin, eta Ethos Capitalek, berriz, .org domeinuaren kontrola. Eragiketa horrek, baina, kezka eragin du domeinuen munduan, PIR irabazi asmorik gabeko erakunde izateari utzi eta irabazi asmoa duen enpresa bihurtu delako. Hemendik aurrera, baliteke lehentasunak7 aldatzea, hau da, etekinak areagotzeari garrantzi handiagoa ematea irabazi asmorik gabeko erakundeetarako ordaintzeko modukoa izaten jarraitu ordez. Erosleen gaineko informazio askorik ez dago, enpresa sortu berria delako, baina Ethos Capital enpresaren atzean Fadi Chehade dago, ICANNen zuzendari exekutiboa izandakoa.
Era berean, .com-en prezio muga ere kendu egin zuten iaz: 7,85 $ zen, eta orain urtero % 7 igotzeko baimena dauka domeinuaren kudeatzaile Verisign enpresak. .info-rekin ere antzekoa gertatu zen. Bistan da joera aldaketa dagoela domeinu “historikoetan”, eta horrek eragin handia izango du erabiltzaile askorengan. Izan ere, .com-ek ditu domeinu-izen gehien, 140 milioi baino gehiago. .org-ek, ostera, 10 milioi domeinu-izen dauzka.
Afera honetan, badaude atentzioa ematen duten hainbat gauza. Batetik,bitxia da Ethos Capital enpresa ICANNek eta PIRek muga ekonomikoa kentzeko egindako akordioa argitaratu aurreko egunean sortu izana; enpresaren helburua, hasieratik, .org erostea zela aditzera ematen du. Bestetik, beste arlo askotan bezala, argi dago domeinuen munduan ere ate birakariak8 daudela, erosleen artean ICANNen zuzendari ohia egoteak erakusten duen moduan; Fadi Chehaderen barne esperientzia (eta kontaktuak) oso baliotsua izango zen kontu honetan. Horrez guztiaz gain, normalean ICANN oso geldoa izaten da bere funtzionamendua edo araudiak aldatzeko, aldaketarik txikiena egiteko ere eztabaida publiko asko izaten dira urtean hiru aldiz egiten diren bilera orokorretan, baita beste bide batzuetatik ere; oraingoan, baina, ez da eztabaidatzeko aukerarik egon.
Ethos Capital inbertsio enpresak jakinarazi du .org domeinuaren prezioa ez duela modu “irrazionalean” igoko. Alabaina, lehen adierazpenetan adierazi du urtean gehienez % 10 igoko duela, araudia aldatu aurretik zuen muga beste, alegia. Bien bitartean, .org darabilten irabazi asmorik gabeko elkarteak, edo .com edo .info duten erabiltzaileak, zain egon beharko dira egoeraren bilakaera ikusteko.
Zaila da domeinu baten prezioa modu basatian igo eta domeinu galera nabarmena ez jasatea. Dena den, errentagarritasunaren ikuspuntutik, hobea izan daiteke gehiago ordaintzen duen domeinu kopuru txikiagoa edukitzea gutxi ordaintzen duen domeinu kopuru handia edukitzea baino...
Prezioak asko igotzen badira, askok domeinu-izena beste domeinu batera eramatea beste erremediorik ez dute izango. Domeinuaren prezioa apur bat bakarrik igota ere, .eus domeinuaren pare egongo dira; horra beste arrazoi bat .org duten euskal erakunde eta elkarteek .eus izateko.