Euskal mendietan, bazterrak sutan

su

Negu mineko egun eguzkitsu batez, gehienez urtarrilean eta otsailean, Ipar Euskal Herriko barnealdera buruz eginda eta Bidaxune (Baxenabarre), Salbaterra edo Nabarrengose (Bearno) aldetik etorrita, hegoaldeko ostertza laino urdin batez estalia ikus daiteke sarritan. Zerumuga horretan, Zuberoa da kokatua, eta lainoa dirudien hori kea da, larre-su edo mendi-suetako kea, hain zuzen ere.  Allande Sokarros.

Zuberoan sühakak izendatzen ditugun larre-su horien zergatikoa bortu gainetako bazkalekuak sasi mota guztietatik (ote, lapar, sastraka...) garbitzea da, baserrietako kabalek bazka izan dezaten udaberri hasieratik udazken amaiera bitartean. Larre-suak piztea aspaldiko ohitura da Ipar Euskal Herriko mendi laborantzan, baina azken urteotan gertatutako ezbeharrengatik (batzuk oso larriak) eta jokaera makur zenbaitengatik, salaketak entzuten hasi dira.
Errozateko tragedia
Ezbehar horietatik itzelena 2000. urteko otsailaren 10ean gertatu zen, Ezterenzubiko (Baxenabarre) Errozate mendiaren mazeletan. Egun hartan, artzain batek eta haren laguntzaileak su eman zioten mendi horren albo bati, alhapideen ohiko garbiketa egiteko asmoz. Alabaina, aldi berean, zortzi lagunez osatutako mendi ibilkari talde bat, Lapurdiko kostaldekoa, mazela horretatik igarotzen den GR 10 ibilbidetik zebilen, eta sekulako zalutasunez hedatu ziren sugarrek bete-betean harrapatu zuten. Gertaera zoritxarreko horren ondorioak ikaragarriak izan ziren: zortzi ibiltarietatik bost hil egin ziren, beste bi larriki erre ziren, eta bakarra atera zen onik handik.
Errozateko tragediak denei (artzain, mendi ibilkari, agintari...) ohartarazi zien arau zorrotzagoak jarri behar zirela indarrean, larre-su horiek segurtasunez egingo baziren. Orduz geroztik, Prefeturak finkatutako epeak errespetatu behar dira sua egiteko, horretarako garaia urriaren 15etik martxoaren 31ra izanik. Hari baimena eskatu eta, lortuz gero, herri bakoitzeko auzapezak berretsi behar du, alkateak baitira, ororen buru, jardueraren erantzule. Gainerat, larre-sute baten pizteko bost lagun behar dira, gutxienez, eta gaua heldu orduko itzalita egon behar dute; gauez sua egitea erabat debekatuta dago. Azkenik, larre-suteak pizten diren guneetako inguru guztietan abisua emateko seinaleak jarri behar dira.
Axolagabeen kalteak
Arauak egon badaude, beraz... Baina, egiari zor, horien betetzean ezaxolakeriak gertatu ohi dira, eta ez noizbehinka! Sua pizteko baimena lorturik ere, askotan gertatu izan da larre-su bakoitzeko bost jardule baino gutxiago egotea. Abisu seinaleak, halaber, ez dira beti denetan eta beharrezko toki orotan ipintzen. Are okerrago: mendi-su batzuk iluntzerako ez dira itzaliak, eta gauean pizturik jarraitzen dute... inork zaindu gabe! Horrenbestez, ezbehar larri gehiago gertatzeko arriskuak pilatu egiten dira, eta horixe jazo da azken urteotan, biktimarik egon ez bada ere. Adibidez, 2002ko otsailean, Errozateko tragedia gertatu eta bi urtera doi-doi, lehortearen ondorioz larre-su askoren gaineko kontrola galdu egin zen, eta guztira 5.000 hektarea oihan erre ziren Ipar Euskal Herrian. Zuberoan soilik, oihan eremu komunetako (zuberotar guztien jabetza zatiezinak) 1.568 hektarea erre ziren. Herri batzuetako udal basoetan suteek eragindako kalteak itzelak izan ziren: Azkaraiko basoaren (Larraine) % 60 kiskalita geratu zen, Marülekoaren (Altzai) % 38, Antholakoaren (Hauze) % 25 eta Ithekoaren (Altzürükü) % 21 bezalaxe. ONF erakunde publikoaren arabera, Frantzian basoen kudeaketaz eta zaintzaz arduratzen den erakundea, ihes egindako sute hauek eragin zituzten galeren kostua 1,8 milioi eurokoa izan zen. 2019ko otsailean, halaber, Zuberoan egindako sute horietatik batzuek ihes egin zuten, eta 500 hektarea oihan inguru kiskali zuten.
Su aski... baina gero, zer?
Larre-suen ihes egiteak ez ezik, Ipar Euskal Herriko mendi laborantzetako ohiko jarduera hauen beharkizuna zein zilegitasuna ere auzian jartzen ditu Su Aski elkarteak, 2017an sortuak. Haren iritziz, oihan eremu handiak kiskaltzeaz gain, larre-suek lurrari eta abereei ere kalte larriak eragiten dizkiete, eta, gainera, urak eta eguratsa kutsatzen dituzte. Bestelako aukerak egon badaudela diote elkarteko kideek: hiru horzdunak, hots astoak edo mandoak, behiak eta ardiak elkarren ondoan alharaztea bazkalekuetan edota garbiketarako baliabide mekanikoak erabiltzea.
Alabaina, Su Askiren argudio horiek oso oihartzun eskasa daukate Ipar Euskal Herriko mendi laborantzaren munduan. Alde batetik, hiru kabala motak bata bestearen ondoan alharaztea ia ezinezkoa da gaur egungo nekazaritza motan, eta haiek zaintzeko giza baliabiderik ez legoke. Baliabide mekanikoei dagokienez, bazkaleku gehienak non kokatuak diren (leku aldapatsu eta heltzeko neketsuak) ikustea nahikoa da bideraezina dela ohartzeko. Alabaina, mendi altzoko etxaldeak hustearekin batera bazkalekuak sasietatik garbitzea are beharrezkoagoa bilakatzen ari delarik, larre-suen erabilera egokiagoak asmatu eta obratu beharko dira, hainbat herritako laborarien artean auzolan modukoa bultzatuz, kasurako.