Gasteiz

Kafe Antzokia eta Lazarraga Euskararen Etxea egiteko proiektua aurkeztu dute

Hiriko euskaldun, euskaltzale eta euskara hain gertuko ez dutenentzat topagunea sortu nahian, Gasteizko Kafe Antzokia eta Lazarraga Euskararen Etxea egiteko proiektua aurkeztu berri du Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak. 2012an sortua, urrats berria eman du Lazarraga Euskara Elkarteak 2008an hasitako bidean, euskara oinarri izango duten bi guneak sortzeko proposamena eginda. Lazarraga Euskara Elkarteko kideek proposaturiko egitasmoaren arabera, Alde Zaharrean dagoen Montehermoso Kulturunean kokatuko litzateke Lazarraga Euskararen Etxea. Horren alboan zabalduko lukete Kafe Antzokia, Montehermosoren ondoan dagoen ur biltegiaren gainean egin beharreko eraikinean. Lehena, euskaran ardazturiko egitasmoak gauzatzeko baliatuko litzateke, “sortzeko, irakasteko, ikasteko, ikusteko eta komunikatzeko” lekua izango baita. Kafe Antzokiak, aldiz, programazio kulturala eta ostalaritza zerbitzua eskainiko lituzke. Bi gune izanik ere, elkar elikatuko dute. Nolanahi ere, proiektua gauzatzeko hainbat oztopo daude. Esaterako, Kafe Antzokia hartuko lukeen eraikina egin gabe dago, teorian 2015erako amaituta egon behar badu ere. Azken erabakia Gasteizko Udalak hartuko du, eta ikusteko dago zer erabakitzen duen. Izan ere, gorabehera handiak izan ditu Kafe Antzokia sortzeko asmoak urteotan. Nolanahi ere, Udaleko oposizioko talde guztien babesa du, behintzat, egitasmoak.