Ibaiaren korapilo estua

zadorra

Uraren Euskal Agentzia lanean ari da Zadorra ibaian egon ohi diren uholdeak kudeatzeko, Gasteiz udalerriko tarte batean. Urak ibilgutik ateratzea prozesu naturala dela gogorarazi dute adituek. Ibaiak historikoki hartu izan dituen eremuetara itzultzen denean, ordea, arazoak eragiten ditu Ebrora heldu bitarteko hainbat eremutan. Kasu batzuetan, etxeak ere urpean utz ditzake, eta herritarrek konponbideak eskatu dituzte. Jon Rejado.

Zadorrako urak aski lasai egiten ari dira Ebrorainoko bidea. Negua azken txanpan dago, eta, aurreko urteetan ez bezala, ez da uholderik gertatu. Hala ere, ezustekorik egon ez bada ere, gaiari heltzearen garrantzia agerikoa da. Iazko azaroan atera zen azkenengoz ibaia bere ibilgutik, eta urek gora egiten duten hurrengo aldian berriz gerta daiteke. Gaiaren garrantziaren erakusgarri, Uraren Euskal Agentziak martxan dituen lanak eta kaltetutako herritarrek herri administrazioei helarazitako kezka etengabeak.
Askoa Ibisate Geografia Fisikoan doktoreak gogorarazi du uholdeak ibaien “prozesu naturalak” direla. Prozesu natural hori, zenbait kasutan, gizakion azpiegiturek baldintzatuta dago; Zadorraz ari garela, adierazgarrienak Uribarri Ganboako eta Urrunagako urtegiak dira. Horien bitartez, badago zaintzea zenbat ur eramango duen ibaiak, hein handian. Euskadiko Uraren Agentziako Lan Hidraulikoen arduradun Aitziber Urkijok azaldu du horrek uholdeak kontrolpean izaten laguntzen duela: “Euri asko egiten duen unean, ur hori urtegietan eduki daiteke, eta euri gutxien dagoenean askatu”.
Kudeaketa horrek ondorio batzuk dituela azaldu du Askoa Ibisatek. “Presak egin eta gero, hortik behera segurtasun sentsazio faltsua egon ohi da, urtegiek uholdeetatik betiko babestuko balute bezala”. Gaineratu du ez dela horrela, baina, aldi berean, Urkijoren baieztapena berretsi du, neurri batean. “Urtegiek badute gaitasuna uholdeen maiztasuna gutxitzeko, batez ere sarriago gertatzen direnena: txikienena, nolabait esateko. Uholde oso handiak kudeatzea, aldiz, zaila da, urtegietan ura hartzeko gaitasuna mugatua delako".
Interes kontrajarriak urtegietan
Zadorrako urtegiaren kudeaketan, interes kontrajarriak daude. Ibisatek urtegien historia ekarri du gogora, kontraesanok azaltzeko: Bizkaiko Labe Garaiak argindarrez hornitzeko sortu zituzten; gerora, Bilbo Handiko biztanleei txorrotako ura emateko baliatu ziren; eta, azkenik, Gasteizko herritarrak ere urez hornitzeko. “Helburu horiek guztiak bete ahal izateko, uraren mailak ahalik eta altuena egon behar du urtegietan". Alabaina, urtegiek uholdeetatik babestuko bagaituzte, gomendagarria da ur maila beherago egotea, hartara une batean gerta daitekeen ur jasa hartu ahal izango luke.
Gasteizko 2003ko uholdeen ostean, Zadorrako ibilguan hamarkadetan izandako larrienak eurak, urtegietako ur maila apur bat jaistea adostu zen. Erabakia Zadorrako urtegi sistemaren jarraipen batzordeak hartu zuen, zeina Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Babes Zibileko Zuzendaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Gasteizko ur hornidura kudeatzeko enpresa publikoak, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak eta Iberdrolak osatzen duten. Azkenekoak kudeatzen ditu urtegiak, betiere mahaian erabakitakoaren arabera.
Urtegietan egiten den horrek eragina dauka Zadorrak Ebroraino egiten duen bidean, baita gora egiten duenean berreskura ditzakeen lurretan ere: Arratzu-Ubarrundiatik urtegitik atera eta, berehala, Berantevillara arte, Ebrora heldu aurretik. Prozesu naturala bada ere, uholdeak ezbehar bilakatzen dira hamaika lekutan. Gasteizen ere berdin gertatzen da, herri batzuetako etxeei ere eragiten dielako: Aztegieta, Margarita, Tresponde, Billoda...
Urak, etxebizitzetaraino
Euskadiko Uraren Agentzia arazo horiek kudeatzeko lan egiten ari da, Gasteizko iparraldean, Gamarra eta Abetxuku artean. “Besteak beste, beste ibilgu bat bilatuko diogu Zadorrari, gora egiten duenean ura hartzeko gaitasun handiagoa izan dezan” azaldu du Urkijok. Horrez gain, ondoan dagoen industrialdea babestuko dute, lurrezko hesi bat eraikiz, betiere Eraztun Berdeari jarraipena emanda.
Lan gehiago ere aurreikusita daude Arabako hiriburuan. Adibidez, Ihurretik Krispiñarako tartean. Zadorraren eremu horrek herri oso bati eragiten dio: Aztegieta. Urpean geratzeko arriskua duen eremu batean dago herria, eta kalteak nozitzen dituzten herritarrek konponbide bat eskatzen dute. “Laborea galtzea hirugarren mailako kezka da; herrian egun batetik bestera bi metro ur sartzea da beldurrik handiena” dio Ramon Fernandez de Luco Aztegietako bizilagunak.
 Herritarrek bi eskari nagusi dituzte. Batetik, Gobeo herri ondoko zubien begiak garbitzeko. “Zadorra bertatik ateratzen da, ezin delako pasatu, eta ur hori nahitaez igaroko da Aztegietatik ibairako bidearen bila". Fernandez de Lucok erantsi du A-1 autobideak egoera zailtzen duela; izan ere, "hesi" baten modukoa da herritik pasatzen den urarentzat, eta bere bidea egitea zailtzen du. Bestetik, ibaiaren ibilgua bera garbitzeko eskatu dute herritarrek, ibaiak eremu osoa balia dezan gora egiten duenean. Gaur egun, aurreko uholdeen hondarrak daude, zuhaitz artean trabatutako enbor lodiak barne.
Lehenengo eskaerari dagokionez, Urkijok azaldu du zubien garbiketa jabeei dagokiela; bigarrena dela eta, Urkijok eta Ibisatek uste dute ibaia garbitzeak ez lukeela askorako balio izango: “Ibaiaren maila zentimetro gutxi batzuk baino ez litzateke jaitsiko, eta ez luke ezer konponduko”. Are gehiago, biek aitortu dute Zadorrako uholdeen korapiloa askatzea zaila izango dela.