Arriaga Antzokiak Bertolt Brechten ‘Ama kuraia’ taularatuko du

ama

Brecht antzerkigilearen Ama kuraia eta bere seme-alabak klasikoa oinarri, Ama kuraia antzezlana ekoitzi du Bilboko Arriaga Antzokiak. Kepa Errastik euskaratua eta Maria Goirizelaiak moldatu eta zuzendua, Arriagak aurtengo denboraldian ekoitziko duen lanik garrantzitsuena izango da Brechten gerraren kontrako lan ezagunaren egokitzapena. Gaztelaniaz eta euskaraz antzeztuko dute, eta euskarazkoan Ione Irazabalek jokatuko du Ana Fierling ama kuraiaren rola. Harekin batera, Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Diez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos eta Mikel Martinez ariko dira oholtza gainean. Euskarazko bertsioa martxoaren 25ean eskainiko dute, estreinakoz, Arriagan bertan, eta 26an, 27an eta 28an ere ikusi ahal izango da. Gainera, emanaldi bakoitzaren aurretik, ordu erdi lehenago, Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasteriok Brechti eta Ama kuraia obrari buruzko solasaldiak eskainiko ditu Arriagako hallean.


laburbiraMARTXOAREN 9tik apirilaren 8ra, euskarazko bederatzi film laburrez osaturiko emanaldia eskainiko du, herriz herri, Laburbira euskarazko film laburren XVII. Zirkuituak, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. 2018 eta 2019 bitartean eginak, lan hauek egongo dira ikusgai: Euskaltzaleen Topagunearen Gau Beltza, Marilin Taldearen Urak dakarrena, Josu Martinezen Anti, Amaia San Sebastianen Tigre bat, Kristina Zoritaren Pil Pil, Ibon Iza Totorikaren Mamarro, Yolanda Mazkiaranen Kateak, Maitane Eyheramonhoren Jauzi bat eta prixt eta Dimegaz Kultur Elkartearen Harria Herria. Guztira, 33 hitzordu izango ditu aurtengo Laburbirak, tartean atzerriko lau hiriotan: Londres, Valladolid, Valentzia eta Saint-Ouen (Paris). Zenbait emanalditan, gainera, lanen zuzendariekin solasaldia izango dute filmak ikusi ostean. Egutegi zehatza www.topagunea.eus/laburbira gunean dago ikusgai.
LABURREAN

FILMIN EUSKARAZ kanala sortu du Filmin ordainpeko plataformak, streaming bidez euskarazko lanak eskaintzeko. Hala, plataforman ordainpeko harpidetza egiten dutenek film luzeak, dokumentalak eta haurrentzako lanak ikusi ahal izango dituzte, euskaraz bikoiztuta edo azpitituluekin. Oraingoz, 40 lan baino gehiago paratu dituzte euskaraz, baina eskaintza osatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute arduradunek.

txarrenaNI, MUNDUKO TXARRENA musikala estreinatu berri du Vaiven konpainiak, umorea, melodrama erromantikoa eta tragedia batzen dituen ikuskizuna. Antonio Muñoz de Mesaren testuan oinarritua, Olga Margallok zuzendu du. Itxaso Quintana, Nerea Gorriti, Ainara Ortega, Ugaitz Alegria eta Dorleta Urretabizkaia dabiltza aktore lanetan. Eibarren izango dute hurrengo emanaldia, martxoaren 4an.

BORTXAKETA baten ondoren emakumeek jasaten duten biktimizazio bikoitza agerian jarri eta gaian sakontzen du Birritan bortxatua antzezlanak, Aldatzen Laguntzen antzerki taldeak otsailean estreinatuak. Fikzio dokumental estiloko lana da, benetan jazotako kasuetan oinarritua. Ion Martinez eta Saioa Royo lanaren egileek jokatzen dituzte laneko rol nagusiak. Hurrengo emanaldiak hauek izango dira: martxoaren 27an, Usurbilen, eta 28an, Ihabarren.