StarBlues taldeak ‘Hitz gatibuak’ kaleratu du

starblues

Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin plazaratu du banda gipuzkoarrak bere bigarren lana, aurrekoa (Gu Geu) argitaratu zenetik lau urte igaro direnean. Orduko koherentziari eutsi dio taldeak, baina disko berriari nabari zaio heldutasunaren balio erantsia. Hamaika kanta biltzen ditu lanak, non, rockaren eragin handiarekin eta funk ukitu agerikoarekin batera, jazza eta bluesa nahastu dituen taldeak. 2010ean Ordizian osatu, emanaldi ugari eskaini, 2016an aurreneko diskoa plazaratu eta Hondarribiko eta Tolosako Bluesaldietan parte hartu ondoren, euskaraz abestutako bluesaren erreferentzia bihurtu da azkenaldian StarBlues, Jon Barrerosen (ahotsa eta gitarra) konposizioei esker. Taldean aldaketa batzuk egin ostean, gaur egun lagun hauek dira Barrerosen taldekideak: Mikel Atxega baxuan, Yon Labayen piano eta hammondean, eta Fermin Etxeberria baterian. Fredi Pelaezen kolaborazioa izan dute ekoizpen lanetan, Beasaingo Pottoko estudioetan egindako grabazio eta moldaketetan.


gatibuGATIBU talde bizkaitarrak kontzertu berezia eskainiko du Bilbao Arenan, martxoaren 28an, bere ibilbidearen 20. urteurrena ospatzen jarraitzeko: Gatibu 20 Urte Fest. Espainiako estatuan zehar ibili ostean, Bartzelonatik bueltan iritsiko da bira Bilbora. Bertan aurkeztuko dute Bixotzetik kanta, bi hamarkada hauetako bizipenak laburbildu eta ondoan izan dituzten zaleen babesa eskertzen dituen abestia. Aurtengo urtea atzera begiratzeko, egindakoaz hausnartzeko eta etorkizunean aurrera egiteko mugarria izatea nahi du talde bizkaitarrak. 2000. urtean elkartu ziren lehen aldiz Alex Sardui, Haimar Arejita, Gaizka Salazar eta Mikel Caballero rock and rolla euskaraz egiteko. Zortzi disko eta ehunka kontzertu izan dira, orain arte, taldearen ibilbidearen emaitza.

 

orbelHEGAN
Orbel
UsoPop Diskak, Urgence Disk Records, Dingleberry Records

Baionako taldearen bigarren lana, lehen disko luzea. Aurrekoak, Beyond There, lau kanta zituen, ingelesez. Oraingo honetan, aldiz, euskaraz abestu dituzte diskoa osatzen duten zortzi kantuak. Lehen lanarekin alderatuta, teklatuen tentsioari eta gitarra latzei eutsi diete, doinu astun eta motelak sortzeko, baina ahots goxoak abestiak leuntzen ditu. Camille Dizabok (ahotsa), Anne-Lise Arnaud-Cazamayok (teklatua eta koroak),Txomin Urrizak (gitarra) eta Alan Billik (gitarra) osatzen dute Orbel.

metaMETAMORPHOSIS
Arima
Bonberenea Ekintzak, 2019

Paule Bilbaok bere beharrizan emozional eta sentimentalak era ezberdinean azaleratzeko sortu zuen Arima proiektua, 2018an. Hala, “melodia sentimental eta etereoek, gitarra distortsionatuekin nahastuta, bidaia pertsonal eta berezi batera gonbidatu” nahi dute entzulea, intentsitate eta erritmo aldaketa etengabeekin. Lan horren emaitza da EP hau, lau abestiz osatua. Diskoa Karlos Osinaga Txap-ekin grabatu zuten Bonberenearen estudioetan. Proiektu berrian Josu González (baxua) eta Gontzal Bilbao (bateria) ditu lagun Paule Bilbaok (gitarra eta ahotsa).