Ondasun guztia eta gehiago

sarriGure oroitzapenak
Askoren artean
Elkar, 2018

Euskal musikak ez du Joseba Sarrionandia baino poeta kutunagorik haren testu eta poemei musika jartzeko: 150 kantu inguru idatzi dira Sarrionandiaren olerkiak oinarri. Abesti horien artean esanguratsuenak disko batean biltzeko ahalegina ez da berria. Hau da ene ondasun guztia disko-liburuak, 1999an argitaratuak, hamasei kantu jaso zituen, euskal musikari garrantzitsuenetako batzuek abestuta: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Imanol, Oskorri, Fermin Muguruza eta abar. Horiek guztiak badaude 2018ko Gure oroitzapenak bildumaren bi diskoetan ere, eta kanturen bat errepikatuta dago (izan ere, nork uler lezake Sarrionandiaren lana ardatz duen disko bat Ordorikaren Martin Larralde barik?), baina eskertzekoa da disko-liburu honetan 1999koan agertzen ez ziren abestiak hautatzeko ahalegina. Gainera, beste hamasei artista eta taldek Sarriren poemetan oinarritutako kantuak egitasmo honetarako beren-beregi grabatu eta sartu zituzten. Orotara, bi disko, 32 kantu eta liburua: lan biribila.
Gotzon Hermosilla