Nerea Balda Sanjuan

baldaKabitu ezina, Aintzane Usandizaga (Elkar, 2019)
Giza harremanen egunerokoan sortzen zaizkigun egonezina eta deserosotasuna dira zortzi ipuin hauen oinarria. Umore puntu batekin, ironia eta egoera arrotzen bitartez, ederki transmititutako “kabitu ezin” horrek, hain zuzen, gozaraziko du irakurlea.
Azal berritze bat, Esti Martinez Diaz de Cerio (Balea zuria, 2018)
DK I. poesia saria irabazi zuen obra hau oso barnera iritsi zitzaidan. Poesia izanda ere, aski narratiboa da zenbaitetan, eta irudi ederrak topa daitezke. Poesia euskaraz irakurtzen hasteko guztiz gomendagarria.
Akordatzen, Joseba Sarrionandia (Txalaparta, 2004)
Nekez sailka daiteke obra hau genero jakin batean. Joe Brainarden I remember eta Georges Perecen Je me souviens testuak oinarri, Sarrionandiak bere biografiaren eta garai baten memoria egin du, ukitu poetikoko esaldien bidez. Haurtzaroa, gaztaroa, kartzela, deserria, literatura, historia, gogoetak… zeharkatzen ditu egileak kapritxozko edizioa duen liburu honetan.