Hi(ZKI)bridoak zikloa Euskararen Etxean

hizki

Bilboko Euskararen Etxeak Hi(ZKI)bridoak zikloa abiatu berri du. Kultur egitarau horrek literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko ekitaldiak biltzen ditu, eta otsailetik maiatzera bitartean garatuko da. Bost ekitaldi izango dira guztira: Muga, Xabier Montoiaren Anfetamiña liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak disko etxeak argitaratutako egitasmoa, martxoaren 25ean; Bertso saio literarioa, Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amurizarekin, apirilaren 23an; Habiak, Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, Anarirekin zuzenean, maiatzaren 15ean; eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboak aurkeztutako Orainminean ikuskizuna, artea eta bertsolaritza batzen dituen bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat, maiatzaren 28an. Hi(ZKI)bridoak zikloko lehen ekitaldia, Buztinezko etorkizuna, otsailaren 27an egin zen, Itxaro Bordak irakurrita eta Ibon Rgk musika jarrita. Ekimenean, hainbat eragilek hartuko dute parte: Booktegi, Lanku eta Loraldia.


zaitegiJOKIN ZAITEGI sariketan, aurten, bi proiektu izan dira irabazle. Izan ere, iaz, Literaturako Nobel sari bikoitza eman zuen Suediako Akademiak: 2018koa Olga Tokarczuk idazle poloniarrari eta 2019ko Peter Handke idazle austriarrari. Horiek euskarara itzultzeko, beraz, bi egitasmo saritu dira aurten: Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczekek elkarrekin aurkezturikoak irabazi du Tokarczuk itzultzeko lehiaketa; eta Joxe Mari Berasategik jaso du Handke euskaratzeko mandatua. Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko baliatzen den sariketa hau Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz. Ondo bidean, 2020. urtea amaitu aurretik Nobel saridun bi horien eleberri bana argitaratuko du euskaraz Elkarrek.

 

 

 

 

 

segundu17 SEGUNDO
Kirmen Uribe
Susa, 2019

Bisitariak 17 segundo baino ez ditu ematen koadro bati begira. Egina omen dute ikerketa. Poesiaren erritmoa, baina, guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, desagertuko denari arreta jartzea. Inguruari begira egon, pentsatu gauza horiek hortxe egon direla aurretik eta hor egongo direla, beharbada, aurrerago. Liburu honetan, 17 urtez idatzitako poemak bildu ditu poeta ondarrutarrak: intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, Artea, natura...

itsukolpekaITSU KOLPEKA
Alfontso Gartziandia
Alberdania, 2019

Urkok ikertzailea izan nahiko luke, baina gaztetako aurrekari penalek bidea ixten diote. Nolabait ateratzen du bizimodua, ikertzaile azpikontratatu baten morroi. Nadiari, berriz, gaztaroa lapurtu zioten: jaioterrian aurrenik; bestelako bizimoduaren bila ihesbide zuen urruneko lurralde batean gero. Iruñean, astebeteko tartean, Urkori egindako enkargu batek xake partida tragikoa eragingo du, eta biak, Urko eta Nadia, aldi berean izanen dira jokalari eta pieza.