Pentaedroa

pentaedroaTxema García-Viana
Elkar , 2019

C2

Pentaedroa, behialako antzerki taldea bost lagunek osatzen zutelako, lau gizonek eta emakume batek. Pentaedroa, halaber, liburu mardul bezain bizi honetan haien bosten istorioak direlako enborraren adar nagusiak, alegia, gerraren ondorioz taldekide bakoitzari suertatu zaizkion ibilbide eta sentipenei buruzko kontakizun zabalak, eta zehatz-zehatzak. Ez dezala pentsa irakurleak, ordea, bost kapitulu bata bestetik bereizita aurkituko duenik, ezta bost euskal herritar, besterik ez, munduan zehar sakabanaturik, bakarrik, ere. Izan ere, beste garai bateko pentaedro hark bat eginda jarraitzen du, Frankismoaren garaiak agintzen duen moduan, hori bai, eta haren aurpegi bakoitzak aurpegi eta istorio gehiago dakartza.
Hori dela eta, ez dugu denboran jauzika irakur daitezkeen eleberri horietakoa. Ez da komeni, behintzat, istorio bakoitzaren berezitasunetan, xehetasunetan eta, horrela, osotasun sakon-sakonean murgilduko bagara, egileak pertsonaien ahotan jarritako euskara moldeen aberastasunak garraiaturik.
Azkenean, denek batera (protagonistak, gainerako pertsonaiak, tokiak, egoerak, sentimenduak) gerra egunen mosaiko zabala irudikatzea lortzen dute; irudi penagarria, jakina, gerrak sekula ez direlako inolako festa zoragarria.
Usoa Alberdi Fernández