Euspot, moda azkarraren kalteei so

euspot

Kontsumismoa, erabili eta berehala botatzen den arropa merkea, horren atzean dagoen lan esplotazioa eta produktu toxikoen erabilera... Ugariak dira egun erabat zabaldua dagoen moda azkarraren ondorio negatiboak. Bada, horiei erreparatu die IX. Euspot Euskarazko Spot Lehiaketak. Hala, moda azkarraren kalteei buruzko kontzientziazio kanpaina baterako spota egin beharko dute aurtengo lehiaketan parte hartu nahi dutenek. Zeharkako helburuak ere zehaztu dituzte antolatzaileek: erosten dugunaz jabetzea, moda industriako gurpil zoroaren aurrean bestelako aukerak erakustea... Parte hartzaileek 20-30 segundo bitarteko ikus-entzunezko iragarkia aurkeztu beharko dute, telebista edo sare sozialen bitartez zabaltzeko. Euskaraz egina izan beharko du, eta biztanle guztiak gogoan izan. Dagoeneko zabalik da lehiaketa, eta maiatzaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Guztira, bost sari banatuko dituzte, maiatzaren 28an, Aretxabaletan. Bete beharreko baldintza guztiak https://euspot.eus/ gunean kontsulta daitezke. Euskarazko sormena bultzatzea eta ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea du helburu lehiaketak, eta Aretxabaletako Udalak antolatzen du, beste zenbait eragile eta erakunderen laguntzarekin.


dudakenDUDAKEN Hezkuntza Estilo Liburu digitala sortu du Ikas euskal pedagogia zerbitzuak, beste hainbat aditurekin batera. Euskaraz egiten diren ohiko akatsez ohartaraztea du helburu, eta peto horiek zuzentzeko baliabideak eskaintzea. Hala, gramatikari, hiztegiari, ortotipografiari, lexikoari eta ahoskerari buruzko zalantzak argitzeko aukera eskaintzen du, fitxa batzuen bitartez. Horiez gain, hizkuntzari buruzko beste zenbait tresnaren lotura ere badakar, hala nola, Berriaren estilo liburuarena, Euskara Batuaren Eskuliburuarena eta Nolaerran itzultzailearena. Hezkuntzan eta euskalgintzako hainbat arlotan dihardutenentzat da, eta www.ikas.eus gunean dago erabilgai. Aplikazio bidez ere eskura daiteke. Sustatzaileek azaldu dutenez, aurrerantzean ere Dudaken edukiz osatzen jarraituko dute. Era berean, prestakuntza saioak antolatuko dituzte, uztailaren 1ean eta 2an lehenengoak, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik.

LABURREAN

lautadaARABAKO LAUTADAN euskara erabiltzen duten edota gehiago erabili nahi duten entitateen eta taldeen bilgune izateko xedez, lautadaneuskaraz.eus webgunea sortu du Lautadako Euskararen Komunitateak. Eskualdeko gizarte eragileak, familiak, kuadrillak... egituratzea du helburu, baita erakunde publikoetan eragitea ere. Horretarako, hainbat atal ditu guneak: Albisteak, Agenda, Egitasmoak, etab.

BERRITZE prozesuan dabil Bilboko Euskararen Etxea, eta, besteak beste, webgunea berritu du Azkue Fundazioak kudeatzen duen etxeak. Hala, bertan paratu dituzte Euskararen Etxeko zerbitzu guztiak: bilerak eta aurkezpenak egiteko doako guneen erreserba, Euskararen Interpretazio Zentroa bisitatzeko eskariak eta beste. Hona hemen helbidea: www.euskararenetxea.eus.

tropelaTXIRRINDULARITZA denboraldia hasi da, eta, horrekin batera, abiatzear da Tropela.eus-en hurrengo denboraldia, txirrindularitzzaleen (eta zale ez diren askoren) gozagarri. Tropela Elkarteak sortu eta bultzatutako ekimenak helburu argia du: teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzea. Hala, txirrindularitzari buruzko albisteei leku egiteaz gain, urtero doako lehiaketa antolatzen du, denboraldian jokatzen diren lasterketa garrantzitsuenei begira: erabiltzaileak zenbait txirrindulari aukeratu eta ahalik eta puntu gehiena bildu behar du. Aurten, martxoaren 7an hasiko da, Strade Bianche lasterketaz batera. Zeren zain zaudete euskarazko webgunerik arrakastatsuenetakoan parte hartzeko? Izena eman besterik ez da egin behar!