Pribatutasun tresnak

Interneten eta pribatutasunaren artekoa gerra galdua izango da, seguruenik, baina ez dugu inoiz etsi behar. Gaurkoan, pribatutasuna zaintzen laguntzeko oso erabilgarriak izan daitezkeen  hainbat tresna ekarri dizkizuet. Egia esan, ez da erraza gure datuak batetik eta bestetik atera nahi dituzten aplikazioen zirkulutik ihes egitea. Baina, aizue, ezinezkoa ere ez!
Interneten jarduteko oinarrizko tresna arakatzailea da. Azken urteotan, Chrome hedatu da lau haizetara, eta nabigatzailerik erabiliena da egun. Chromeren atzean, jakina denez, Google dago. Frogatuta dago Chromek gutako bakoitzaren gaineko informazio mordoa bidaltzen diola ‘aitatxori’, ondo jakin dezan zer webgunetan ibili garen, noiz, nondik, zer gailurekin zenbat denboraz... Bada, haren ordez, askoz ere gomendagarriagoa da Mozilla Firefox erabiltzea. Kode irekikoa da, bere helburu nagusien artean erabiltzaileon pribatutasunari eustea dago...  eta, Librezale.eus komunitatearen lanari esker, euskara ezin txukunagoan dago.
Googlez ari garela, bere informazio iturri nagusietakoa bilatzailea da. Googlen bilaketa bat egiten dugun bakoitzean, informazio pilo bat lapurtzen digu bilatzaileak: zer bilatu dugun, bilatu dugun horretan zer emaitza lehenetsi dugun, zer egin dugun bilaketa egin aurretik eta ostean... Bing edo Yahoo! ere ez dira oso aukera egokiak, azkenean berdin-berdin lapurtzen baitigute informazioa, baina Googleri eman beharrean, nork bere jabeari ematen dio. Haien ordez, DuckDuckGo bilatzailea erabil daiteke: xede nagusia erabiltzailearen bilaketei erantzutea du, ez publizitatea saltzea. Saltsatan ibiltzeko gogoz egonez gero, Qwant ere aukera ona da, Frantzian sortu eta Europan nahiko azkar zabaltzen ari dena.
Ezin amaitu pribatutasun kontuetan gaizkiaren pertsonifikazioa den Facebook aipatu gabe! Haren ordez, Mastodon.eus proba dezakezue, adibidez, askoz komunitate txiki eta goxoagoa. Whatsappen ordez, egin saiakera Telegram edo Signalekin; lehenengoak, bereziki, gero eta arrakasta handiagoa du. A, eta Instagram ditxosoaren ordez, aukera bat eman ahal diozue Flickr beteranoari: argazkizaleentzat pentsatutako sarea da, eta ez influencer eta modelo frustratuentzako erakusleihoa!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/mastodon
Mastodon.eus zer den ondo azalduta, sarean.eus webgunean.

https://labur.eus/laborategia
Pribatutasun handia eskaintzen duten tresnen zerrenda luze-luzea, Dabid Martinezen laborategia.eus blogean.

https://labur.eus/apliak
Dabid Martinezen aholku gehiago; kasu honetan, telefonorako aplikazioen gainean.