Desegokitzea

olasagarreJuanjo Olasagarre

Aitortzen dut abesbatzan kantatzen diren pop kantak asko gustatzen zaizkidala. Iñigo Muguruza trebea zen horiek egiten; Andrés Calamarok badu bat baino gehiago. Leloa koroak kantatzen du, ahotsen arteko halako atzerapen batez, zeinak aldi berean azpimarratzen baitu taldearen batasuna, eta desberdintasuna, ba-tzuek besteek baino lehentxeago bukatzen baitituzte leloaren hitzak. Esan bezala, jendearen elkar hartze eta, aldi berean, aniztasunaren metaforatzat ditut kanta horiek, hitzek diotena diotela ere. Zentzu horretan, poztu egiten naute.
Bada Youtuben efektu hori beste modu batera lortzen duen kanta bat, Imanolek Lope de Vegari eskaini zion diskotik hartua: Ausencia du izenburu. Donostiako kantaria hil zenean, halako omenaldi xumea egin zioten, 2008ko ekainaren 22an, hilerrian. Bideoan, Imanolen irudiak ageri dira kantuan ari den bitartean, baina, halako batean, erditik aurrera kantariaren irudiak omenaldiko irudiekin tartekatzen dira, nahiko modu traketsean; orduan, 15 bat lagunek,kantariaren adinekoak gutxi gorabehera, haren ahotsari laguntzen diote, letra paperei begira kantuan. Ahotsek ez dute bat egiten ez haien artean ez Imanolenarekin, eta halako desegokitzea dago. Desegokitze horrek hunkitu egiten nau, eta iruditzen zait Imanoli egin ahal zaion omenaldirik zoragarriena dela, haren gidaritza eta, aldi berean, jarraigoa erakusten dituelako.
Tragedia grekoetan, koroak herri xehe eta arrunta islatzen zuen; bertatik entzuten ziren heroiari egin beharreko ohartarazpenak: “Kontuz hor!, Kuidau arau horrekin!, Lege idatzi gabe bat urratzen ari zara!..”. halaxe kargu hartzen zaie Antigonari, Edipori, Klimenestrari, Medeari, Orestesi. Ahots nagusiari laguntzen dioten eta, aldi berean, aurreratzen eta atzeratzen zaizkion ahots horiek dira gaur egungo korua, eta atzerapen edo aurrerapen horietan dago elkartasun etika lezio hau: bat izan beharra dugu, zer edo zer izango bagara, baina bat izate horrek ezin gaitu zapaldu. Gaur egungo ezker politikoaren kinakari behinena, nola izan jendearendako jendearen identitateak errespetatuz.