Itxita, bizitza duinaren alde

greba

Honezkero konturatuko zinetenez, ohi baino beranduxeago iritsi zaizue eskuetara AIZU!ren otsaileko zenbakia. Ez, ez da Gabonetako oporren ajearen ondorio. Bestelako aje batek (askoz garrantzitsuagoa) eraginda atzeratu da hil honetakoa: pertsonok hutsaren pare uzten gaituen eredu sozioekonomikoa, kapitalismo gero eta basatiagoa hauspotzen duten politikek bultzatua. Hala, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorra deitu zuten, urtarrilaren 30erako, pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, beste eragile ugariren babesarekin. AIZU!ko lantaldeak ere bat egin zuen grebarekin, eta horrexek eragin du atzerapena, urtarrilaren 30ean kalera irten baikinen, beste milaka langilerekin batera. Arrazoiak sobera daudelako, eta bizitza duinaren aldeko aldarrikapena sekula ez dagoelako sobera.