Iparraldea

Biztanleen % 42k kontsumitzen dituzte euskarazko hedabideak

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) hedabideen kontsumoa aztertu du Ipar Euskal Herriko biztanleen artean, eta, emaitzen arabera, Iparraldeko biztanleen % 42k normalean edo noizbehinka, behintzat, edukia euskara hutsean duen hedabideren bat kontsumitzen dute. Euskaldunon artean, % 88koa da ehunekoa. Hedabideen eta euskarazko hedabide eta emankizunen Ipar Euskal Herriko erabilpen ohitura eta kontsumoari buruzko azterketa txostena egiteko, 13 urtetik gorako 1.600 lagun elkarrizketatu dituzte, eta telebista, irratia, prentsa idatzia eta sareko egunkariak kontsumitzeko ohiturari erreparatu diote. Denetan, Frantziako eta frantsesezko hedabideak kontsumitzen dira gehien, eta gero euskarazkoak. Azkeneko horiek kontsumitzen dituztenen ehunekoak ere aletu ditu azterketak, baina ez dira hemen kabitzen. Hori bai, guztietan ere euskarazko edukiak areagotzeko eskatu izan dute inkestan parte hartu dutenek. EEPren zuzendari Bernadette Souleren hitzetan, azterketak erakutsi du euskal hedabideak so eginak direla, eta, oro har, ongi baloratuak; "erakutsi du, halaber,  frantsesezko hedabideetan euskara gehiago sartzeko borondatea, baita euskaraz ez dakiten galdekatuen aldetik ere”.