Hasi da txotx garaia

sagardoa

Sagardotegira joan zale denak, edota sagardoa gustuko duenak, dagoeneko badu aurtengoa dastatzeko aukera: sagardotegi denboraldia abian da. Garai batean, Gipuzkoara mugatzen zen ia ekoizpena eta kontsumoa; ondorioz, baita denboraldi irekiera ere. Orain, ostera, asko zabaldu da mama goxoaren kultura, bertoko edaria errotzen ari den seinale. Horren erakusle, pasa den hilean burututako ekitaldi eta aurkezpenak: Gipuzkoan aspalditik egin ohi denaz gain (Astigarragako Alorrenea sagardotegian Kalakan taldeak eman zion hasiera denboraldiari),  Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak Zornotzako Uxarten aurkeztu zuen Bizkaiko sagardoa; Dolarea Nafarroako Sagardotegien Elkarteak, berriz, Lesakako Linddurrenborda sagardotegian eman zuen ezagutzera aurtengo ekoizpena; eta Arabako sagardogileek Askartzako Trebiñu sagardotegia aukeratu zuten kupelak irekitzeko. Sagardozaleek badute, hortaz, aurtengo ekoizpena non dastatu. Kupelak zabalik, eta sagardotegiak prest, Euskal Herri luze-zabalean, jendearen gozagarri.